2015eko irailaz geroztik abian da “Bidasoatik Mundura, Sasoi Erronka” programa Bidasoaldeko 10 ikastetxetan, 12 eta 14 urte bitarteko nerabeen artean bizi-ohitura osasuntsuak jolasen eta jardueren bitartez sustatzeko helburuarekin.
Eskola osasuna sustatzeko leku interesgarria da, derrigorrezko hezkuntza ikasten duten nerabeak hartzen dituelako. Horregatik, Pre-Start Europar Proiektuaren barruan, DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzendutako bizimodu osasuntsua sustatzeko programa garatu da, programa diseinatu eta bizimodu osasuntsuaren sustapenean haren eragina zein den ebaluatzeko.
Bidasoaldeko tokiko osasun sare baten laguntzarekin garatu da programa. Hauek dira sare horren partaideak: Gipuzkoako Osasun Publikoa, OSI Bidasoa (Osakidetza), Irungo Berritzegune (Hezkuntza Saila), Irungo eta Hondarribiko Udalak eta Kronikgune. “Bidasoatik Mundura, Sasoi Erronka” proiektuak funtsezko hiru alderdi hartzen ditu: jarduera fisikoa, elikadura eta sormena.
Ikerkuntzan, parte hartuko duten 10 ikastetxeetako 1500 ikaslek hilero diseinatutako jardueretan parte hartzeko aukera dute. Orain arte programa arrakastatsua ari da izaten, ikastetxe askotan ikasleen % 90tik gora ari baitira jardueretan parte hartzen. Aipatu beharra dago ikastetxeetako batek eskolako curriculumean barneratu duela programa. Ekainean programaren ikastetxe irabazlea ezagutzera emateko eta 2015-2016 ikastaroan zehar programak dituen hainbat alderditan ikastetxe erregularrenak zein izan diren jakitera emateko jaialdi handi bat egitea dago aurreikusita.
Horrez gain, www.bidasoatikmundura.eus orriak oso betekizun garrantzitsua du programaren barruan, informazioa eskuratzeko erreferentzia baita. Webgune interaktiboa, intuitiboa, freskoa eta eguneratua da, erreminta dinamizatzaile ere badena. Webgune horretan, ikasleek une bakoitzean buru dezaketen jarduerei buruz informazioa jaso, elikagaien inguruko galdekizunei erantzun, hiruhileko bakoitzean ikastetxeak garatzen dituen bideoak ikusi edo ikastetxeko jardueretan partaidetza nolakoa izaten ari den eta bakoitzean lortutako puntuak zenbat diren ikusi ahalko dute.
Programa ezagutu nahi baldin baduzu, sar zaitez www.bidasoatikmundura.eus webgunean.
Sakatu hemen Pre-Start Europar Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu.