Topaketa honetan azken hileetan egindako lana aztertu eta Europar Batzordearen aurreko proiektuaren lehenengo berrikusketa egin aurretik egingo diren ekintzak zehaztu dira.

Ganten, Belgika, egin da C3-Cloud proiektuko 12 kideen hirugarren osoko bilkura. Irailaren 27tik 29ra, orain arte lortutakoa, alderdi kritikoak, identifikatutako arriskuak eta haien irtenbide posibleak aztertu dira.

C3-Cloud proiektuaren helburua, gaixo kroniko konplexuen arreta jarraitua, pertsonalizatua, integratua, diziplina-anitzekoa eta koordinatua sustatzeko tresna berritzaileak inplementatzea da. Horretarako, gaixoari buruzko informazio guztia bilduko duen arkitektura teknologikoa ari da diseinatzen: jarduerak koordinatuko ditu, banakako planak garatzen lagunduko du, erabaki klinikoak hartzen lagunduko du eta gaixoaren edota zaintzailearen parte-hartze aktiboa sustatuko du.

Azken hileotan aurrera-pauso ugari eman dira C3-Cloud arkitektura teknologikoaren garapenean, zeinak bi plataforma nagusi berritzaile izango dituen. Horietako bat arreta pertsonalizatuko planen garapenari eta kudeaketari dago zuzendua. Bestea, aldiz, gaixoaren edota zaintzailearen parte-hartze aktiboari eta ahalduntzeari. Orain arte burututako atazak baldintza kliniko eta teknikoak zehaztea, baldintza etikoak definitzea, IKT (Informazio eta Komunikazioko Teknologiak) osagaiak garatzea, antolaketa-ereduak aztertzea eta, azkenik, elkarreragitearekin lotutako alderdiak aztertzea izan dira.

Osakidetza eta Kronikgune izan dira Euskadiren ordezkariak, eta modu oso aktiboan hartu dute parte proiektuan bi lan-sortaren arduradun direlako, “Aplikazioaren garapena eta pilotuetan barneratzea” eta “Arreta ibilbideen eta antolaketa ereduen garapen eta aldaketen kudeaketa”, hain zuzen ere. Duela gutxi, C3-CLOUD irtenbideen eskakizunak deskribatzen dituen txostena aurkezten lagundu dute, hiru pilotuetan inplementatua izan dadin. Eta, horrez gain, kontuan hartu behar diren hainbat alderdi etiko zehazten ere hartu du parte, gaixoen pribatutasuna eta segurtasuna bermatze aldera, eta baita ikerketan profesionalak barneratzeko prozedura landu eta baimen informatua diseinatzen ere.

Urtea bukatu aurretik, esku-hartzearen ikerketa-protokoloa egitea dago aurreikusita. Ondoren, eskualde pilotu bakoitzaren berezitasunei egokituko da. Aipatu beharra dago Euskadi dela hiru eskualde pilotuetako bat, Erresuma Batuaren hegoaldeko Warwickshire eta Jämtland Härjedalen eskualdearekin batera.

Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, sakatu hemen edo sartu webgune ofizialean: http://c3-cloud.eu/