Urriaren 2 eta 6 bitartean Edinburgo eta Glasgow hiriek hartu zituzten tailerrera eta “in situ” bisitara bertaratutakoak. 

TITTAN europar proiektuak, Interreg Europe programaren finantzazioarekin, hirugarren gai-arloa abiarazi du “Gizartea aktibatzea zahartze aktiboa sustatzeko”. Arlo honen helburua hiritarrek Informazioko eta Komunikazioko Teknologia berriek (IKT) euren bizi-kalitatea hobetzeko dituzten erabilerei buruz gehiago jakitea da. Proiektuan parte hartzen duten zazpi eskualdeen artean zehaztutako jakintzaren hartu-emanerako sarearen bitartez, tailerrak eta bisitak antolatzea dago aurreikusita. Hauen xedea batak bestearen hiritarren aktibazioa sustatzen duten ekimenak, erremintak eta zerbitzuak hobeto ezagutzera ematea da.

Urriaren 2 eta 4 bitartean, Eskoziako Strathclyde-ko Unibertsitatea eta DHI (Digital Health&Care Institute) arduratu ziren gai horren inguruko Edinburgoko lehenengo tailerra antolatzeaz. Deustuko Unibertsitatea, Kronikgune, Matía Fundazioa, Osakidetza eta BIOEF erakundeak izan ziren Euskadiren ordezkariak, zeinak Euskadin garatutako hiritarren aktibazioko arloan praktika onak aurkeztu zituzten. Osasun Eskola, Paziente Bizia Programa eta Kronik ON programa aurkeztu zituen Osakidetzak; “REHACOP, Errehabilitazio kognitiboa Psikosian erabiltzeko Programa Integrala” eta “KINEAGE, Kinect jokoa pertsona adinduek jarduteko egokituta” Deustuko Unibertsitateak garatutako programak, eta baita “Euskadi Lagunkoia” ere, Matía Fundazioak barneratutako praktika ona.

Urriaren 5 eta 6an, bertara hurbildu zirenek Eskoziako DHI (Digital Health&Care Institute) eta SHIL (Scottish Health Innovations Ltd.) erakundeek abian jarritako ekimenberritzaileenetako batzuk ezagutu zituzten. Bisita horiek bigarren gai-arloaren barruan antolatutako jakintzaren hartu-emaneko ekintzen barruan sartzen dira. Horien bitartez, eskualde ostalarian merkatuaren eta ikerketaren arteko hutsunea murrizteko berrikuntza teknologikoaren inguruan (“Inside-Out”) erabilitako ekimen berritzaileen adibideak xehetasun handiagoz ezagutu nahi dira.   

Aipatu beharra dago TITTAN tailerrak bat egin zuela Informatikako Britainiar Sozietateak (British Computer Society – BCS) antolatutako Eskoziako BCS Osasuna 2017 konferentziarekin (2017 BCS Health Scotland Conference). Aurtengo leloa Eskoziako osasun arloan informatika garatu eta erabiltzea sustatzean oinarritu da, osasun arreta eta arreta sozial eraginkorra bilatzeko.  TITTAN proiektuaren hirugarren gai-arloari estu lotutako eremua.

Proiektuaren barruko hurrengo ekintzei buruz gehiago jakiteko, sartu haren webgunean: http://www.interregeurope.eu/tittan/

 

 

TITTAN proiektuak bere finantziazioaren %85 Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) eskutik lortu du, Interreg Europe Programaren bidez.