2017ko azaroaren 26an aurkeztuko dira REDISSEC sareko proiektuak eta orain arte lortutako emaitzak, Madrilgo Carlos III Osasun Erakundeko Ernest Lluch aretoan.

Bosgarren jardunaldi honen xedea da osasun-zerbitzuen inguruko nazioarteko ikerketa esperientziak ezagutzera ematea eta osasun-zerbitzuen ikerketak hartu beharreko norabidearen eta helburuen inguruko hausnarketa sustatzea. Halaber, saioak balioko du sareko ikertzaileek ideiak trukatzeko, osasun-zerbitzuen erronka berriak aztertzeko eta etorkizuneko estrategiak jorratzeko aukera izan dezaten. Ildo horretatik, goizeko saiora bertaratzen direnek ikerketaren etorkizuna eta kronikotasunaren karakterizazioa, osasun-sistemen ebaluazioa eta osasun-zaintzen eraginkortasun alderatua eta kostu-eraginkortasuna jorratuko dituzten hainbat mahai-inguru ikusi ahalko dituzte. Arratsaldean abian dauden proiektuen inguruko lan-bilerak antolatuko dira.

Berriz ere, inaugurazioa eta harrera José María Quintana López doktorearen eskutan egongo dira, sarearen koordinazio zientifikoaren arduraduna eta Barrualde-Galdakao ESIaren ikerketa-unitatearen burua. Horrez gain, Javier Mar Medinak, Gipuzkoako LMA-ESI eta Debagoieneko ESIko ordezkariak, “Kirurgia laparoskopikoaren kostu-eraginkortasun analisia kirurgia irekiarekin alderatuta koloneko minbiziaren tratamendurako” lana aurkeztuko du. Biak dira Kronikguneko kide, REDISSEC sarea kudeatzen duen erakundea alegia.

Nabarmentzekoa da REDISSEC sarea hiru gai nagusiren inguruan aritzen dela: kronikotasuna kudeatzearen erronka, informazio gehiago eta hobea edukitzeko beharra eta ikerketa-gaitasuna Espainiako politika eta osasun zerbitzuetan areagotzeko obligazioa. REDISSEC sarea osatzen dute 8 autonomia-erkidegotako 14 ikerketa-taldek eta 3 talde kliniko bazkidek. Osotara, hainbat erakundetako 150 ikertzailetik gora ditu: hainbat erietxeetakoak, arreta primariokoak, teknologien ebaluazioko agentzietakoak, eta autonomia erkidegoetako osasun sailetakoak, besteak beste.

Sarearen helburua da ikerketa eta berrikuntza arloetan bikaintasuna garatzea, politika, praktika eta antolatze-eredu onenen inguruko froga sendoak eskaintzeko. Guzti hori Espainian gaixo kronikoei ematen zaien osasun-arretaren emaitzak hobetze aldera.

Kronikgunek ordezkaritza dauka REDISSEC sareko hiru taldetan. Lehenik, José Mª Quintana doktoreak koordinatzen duen Ikerketa Kooperatiboko Sare Tematikoa (RETIC); bigarrenik, Bilbo Basurtu ESIko Antonio Escobar doktorea buru duen taldea; eta azkenik, Barrualde-Galdakao ESIko Ignacio Zabalza Estevezek zuzentzen duen talde kliniko elkartua.

Programa osoaren inguruko informazioa nahi baduzu, bisita ezazu REDISSEC sarearen webgune ofiziala: http://www.redissec.com/es/agenda/reuniones/iii-jornada-redissec.html