Pasa den urriaren 9ko topaketa Odensen (Danimarka) 2017ko urriaren 10etik 12ra antolatu zen Osasunaren eta Berrikuntzaren Astearen (WHINN) esparru barruan burutu zen.
ACT@Scale proiektuak 18 hilabete daramatza abian. Proiektuaren helburu nagusia da arreta integratuaren eta telemonitorizazioaren alorretako praktika egokiak zabaltzea. Horrekin lortu nahi da gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen, pertsona hauskorren edo gaixotasun mentalak dituzten pertsonen heriotza-tasa murriztea eta bizi-kalitatea hobetzea.
Laugarren batzarrean honako alderdiak jorratu ziren:
- proiektuaren helburuen berrikusketa;
- emandako aurrerapausoen ebaluazioa eta proiektuaren kudeaketa;
- ikasketa-fasea ixtea eta prestakuntza-fasea (coaching phase) abian jartzea;
- etorkizuneko ekintzen eta transferigarritasun-ekintzen plangintza.
Euskadi eskualde parte-hartzaileetako bat da, Katalunia, Groningen, Eskozia, Hegoaldeko Danimarka eta Alemaniako Kinzigtal eskualdeekin batera. Euskal osasun-sistemako Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietako kudeatzaile eta profesional sanitarioek osatutako diziplina anitzeko lantaldeak lanean ari dira Osakidetzako bi programa korporatibo hobetu eta zabaldu ahal izateko: gutxiegitasun kardiakoko gaixoen telemonitarizazio-zerbitzua eta gaitz anitzeko gaixoentzako arreta integratuko ibilbidea.
Kronikgune izan zen, Euskadiko ordezkari gisa, momentura arte gure eskualdean emandako aurrerapausoak aurkeztu zituen erakundea. Halaber, ebaluazioaren eta zerbitzuaren hautaketaren inguruko lan-sortaren arduradun den heinean, Europa mailako azken emaitzak ere aurkeztu zituen.
WHINN ekitaldi barruan, ACT@Scale partzuergoak lan-saio bat antolatu zuen: “Osasunaren arloko telemonitorizazioa eta koordinazioa: Zer egin dugu ongi eta zer gaizki? Auto-hausnarketa kritikoa”, Zahartze Aktibo eta Osasuntsuaren arloko Berrikuntzako Europako Elkartearen (EIP on AHA) B3 Ekintza Taldearekin batera. Bertan orain arte proiektuaren esparruan lortutako ezaguerak partekatu ziren, ikaskuntza horiek beste ingurune batzuetara zabaltzeko xedearekin.
Saio honetan, Esteban de Manuelek, Kronikguneko zuzendariak, aurkeztu zuen Euskadiren ibilbidea arreta integratuari dagokionez. Halaber, Kronikgunek bere esperientzia partekatu zuen etengabeko hobekuntza-zikloen inguruan, ingelesez PDSA (Plan, Do, Study, Act) izena hartzen dutenak. Ildo horretatik, ACT@Scale proiektuko gainerako eskualdeek ere beren esperientzia azaldu zuten lankidetzako metodologia honen erabilerari dagokionez.
Proiektua hobe ezagutu nahi baduzu, bisita ezazu webgune ofiziala edo egin klik hemen.