Urriaren 19tik 24ra, Atenaseko “Technopolis City of Athens” egoitza izan zen eHealth Forum kongresuaren edizio berria burutzeko hautatutako tokia.

Kongresua urteroko topagune bilakatu da osasunaren alorreko eta alor soziosanitarioko profesional, kudeatzaile, ikertzaile, zuzendaritza-talde, ordezkari eta teknologia-enpresentzat. Aurtengo xedea interesdun guztien eta publiko orokorraren parte-hartzea lortzeko baliabideak bilatzea zen, osasunaren eta medikuntzaren alorrean teknologia berrien erabilera sustatzeko. Helburua bakarra zen: osasunaren esparruko berrikuntza digitala bultzatzea.

Sei egunetan zehar 58 saio, sei lantegi, bederatzi tutorial eta “Datathon” bat antolatu ziren. “Datathon”a orotariko datuen analisiaren hobekuntza xede duen erronka dibertigarri, sormenezko eta berritzailea da. Programa anitz honen barrenean hainbat gai jorratu ziren, hala nola, pazienteak sortutako datuak, datuen segurtasuna, pazientearen kontakizuna, zaintza integratuak, laguntza duten etxeak, “Big Data” eta elkarreragingarritasuna, besteak beste.

Zentzu horretan, Ane Fullaondo Zabala, Kronikguneko I+G Koordinazioaren Arduraduna, izan zen MAST metodologiaren inguruko lantegiaren parte-hartzaileetako bat. MAST metodologia teknologia sanitarioa ebaluatzeko eredua da, telemedikuntza eta arreta integraleko zerbitzuak barne hartuta, eta lantegia 2017ko urriaren 20an, ostirala, burutu zen. “Patients’ Perspective” (pazientearen ikuspuntua) izenburua zeraman hitzaldian azaldu zuen nola bututu zen, MAST ereduari esker, Carewell proiektu europarraren ebaluazio-esparrua. Proiektu honek gaitz anitzeko gaixoei zuzendutako arreta-bide berri bat abian jartzeko helburua du. Teknologiak erabiliz eta profesionalen arteko koordinazioa oinarri hartuta, proiektuak paziente eta/edo zaintzailearen ahalduntzea bilatzen du, etxean burutzen den pazientearen jarraipenarekin batera. Zehazki, hitzaldi hartan deskribatu ziren pazienteen eta/edo zaintzaileen pertzepzioa ebaluatzeko erabilitako tresna kualitatiboak, lortutako emaitza positiboak eta nola, emaitza horiei esker, erantzule politikoek bidea Euskal Autonomia Erkidego guztira zabaltzeko erabakia hartzeko nahikoa froga bildu ziren.

Kongresuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, sakatu hemen. https://www.dhealth.gr/