Bilbon egitekoa zen, baina, COVID-19ak Europa osoan joan-etorriak mugatzera behartu duenez, telekonferentzia bidez egin da, apirilaren 2an. 

YOUNG50 proiektuak gaixotasun kardiobaskularren prebentzioa sustatu nahi du, eta 50 urtetik gorako biztanleriaren artean arrisku kardiobaskularra detektatu. Proiektuaren testuinguruan, CARDIO 50 baheketa-eredu italiarra Europako hiru herrialdetara (Lituania, Errumania eta Luxenburgo) eramateko lanean ari dira. CARDIO 50 proiektuaren bidez, bizitzeko era desegoki bat duten pertsonak identifikatu, eta hipertentsioko, hipergluzemiako eta hiperkolesterolemiako kasu berriak detektatu ahal dira. Halaber, proiektuak osasuntsu dauden pertsonengan arrisku-faktoreak txikitzen laguntzen du, bizitzeko era aldatzera bultzatuko duten esku-hartzeak sustatzen, eta gaixotasun kardiobaskularren arriskuari buruzko ezagutza eta haren pertzepzioa areagotzea bilatzen. Emaitza gisa, jardunbide egoki hori herrialde bakoitzera egokituta transferitu nahi da, sektore guztietan jasangarritasuna eta aplikagarritasuna bermatuz.

Bilera horretan, proiektua bazkide guztiekin partekatu da, baita afiliatutako bi erakunderekin ere: ProMIS (Campania eta Calabriako eskualdekoa) eta EUPAP, Europako proiektuaren koordinatzailea (https://www.eupap.org/). Bertan, azken hilabeteotako jarduerak berrikusi eta hautemandako zailtasunak aztertzeaz gain, COVID-19ak eragindako egungo egoera eskualde pilotu bakoitzean zer eragin izaten ari den aztertu nahi izan da. Garbi geratu da CARDIO 50 programa aurrerago ezarriko dela, eta partzuergoak aho batez erabaki du Europako Batzordeari 12 hilabeteko luzapena eskatzea. Bitartean, tresna digital bat garatzea proposatu da, xede-herritarrengan arrisku kardiobaskularra detektatzeko, kasu berriak aztertzeko, eta profesionalak birtualki trebatzeko.

Kronikgune institutuak «Egoeraren analisia, bideragarritasunaren eta beharren ebaluazioa, eta ezarpenerako ekintza-planen definizioa» laugarren lan-sortaren lorpenak aurkeztu ditu (haren arduraduna da). Hiru herrialdeek egindako analisi epidemiologikoko datuak erakutsi ditu (tartean diren eremu geografikoak; biztanleria osoa; CARDIO 50 programan parte hartuko duen pertsona kopurua; gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko heriotza-tasaren prebalentzia; ezarritako sustapen- eta prebentzio-jarduerak; etab.). Halaber, AMIA analisiaren ondoren (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak) Lituaniak, Errumaniak eta Luxenburgok lortutako emaitzak aurkeztu ditu Kronikgunek. Prozesu horri esker, herrialde bakoitzak hobetzeko eremuak, lehentasunak, ekintzak eta estrategiak identifikatu ditu YOUNG50 eredu egokitu bat zehazteko eta Ekintza Plana prestatzen hasteko. Azkenik, “inplementazio-estrategiaren” arduradun gisa, Institutuak hiru herrialdeetan CARDIO 50 nola ezarri planifikatzeko metodologia biltzen duen esku-liburu bat aurkeztu du: nork egin behar duen zer, nola eta noiz.

Proiektua hobeto ezagutu eta zer bilakaera duen ikusi nahi baduzu, joan haren webgune ofizialera: https://www.kronikgune.org/young50/