Bilera otsailaren 26tik 28ra egin da, Milton Keynesen (Ingalaterra), eta online, COVID19k eragindako lekualdatze-arazoak direla eta, bertaratu ezin izan diren kideentzat.

Hainbat saio paralelotan egituratu da tailerra, eta plataformaren garapenarekin, pilotuen diseinuarekin eta Gatekeeper soluzioa merkatuari bultzatzearekin lotutako alderdiak eta gaiak landu dira.

Gatekeeper-en helburu nagusia da irtenbide digitalak sortzea adineko pazienteetan diagnostiko goiztiarra egiteko eta esku-hartze pertsonalizatuak garatzeko. Teknologia berrien, eta bereziki “Gauzen Internetaren” (“Internet of Things – IoT” ingelesez), potentziala aprobetxatuz, sistemek eskaintzen dituzten zerbitzu soziosanitarioak hobetu nahi ditu proiektuak, asistentziaren kalitatea eta osasun-emaitzak hobetzeko. Halaber, Adimen Artifiziala, Big Data eta datuen analisia erabiliko dira gaixotasunak eta ezintasunak goiz detektatzeko, sintomak ulertzeko eta diagnostiko goiztiarra egiteko, eta segimendu jarraitua eta pertsonalizatua errazteko.

Proiektua bere lehen urtean dago. Denboraldi horretan egin den jarduera nagusietako bat erabilera-kasuak goiz detektatzeko eta esku hartzeko aukera emango duen plataforma bat garatzeko baldintzak identifikatzea izan da. Zazpi erabilera kasu definitu dira:

  – BGBKren larriagotzeen tratamendua.

  – Diabetesaren egoera gluzemikoaren modelizazio prediktiboa.

  – Bihotz-gutxiegitasunaren gaitzespenen eta desoreken iragarpena.

  – Istripu zerebrobaskularren lehen eta bigarren mailako prebentzioa.

  – Gaixotasun anitzeko gaixoei ekitea, polimedikatuak barne.

  – Bizimodu osasungarriarekin zerikusia duten antzematea eta esku-hartze goiztiarrak.

  – Parkinsona duten pazienteak maneiatzea.

Pilotua Europako zazpi eskualdetan hedatzea aurreikusten da: Euskadi eta Aragoi (Espainia), Saxonia (Alemania), Grezia, Puglia (Italia), Milton Keynes (Erresuma Batua), Zipre eta Polonia. Pilotuak dagoeneko hasi dira esku-hartzeak diseinatzen eta inguruan dituzten irtenbide teknologikoak aztertzen, etxeetan eta/edo komunitateetan zaintza eta esku-hartzea egiteko. Bilera horretan, Kronikgune, Osakidetzarekin batera bi erabilera-kasuren arduraduna dena, arduratu da bere esku-hartzearen diseinuaren inguruko aurrerapenak aurkezteaz. Lehenengo erabilera-kasuan, adineko pertsonen bizimodu osasungarriekin lotutako esku-hartzea izango da ardatz, arriskuaren estratifikazioa ikusteko eta diagnostiko goiztiarra egiteko. Horrez gain, entrenamendu digitala eskainiko da (ingelesez, coaching). Bigarren erabilera kasuak gaixotasun anitzeko gaixo polimedikatuak izango ditu ardatz, tratamenduari gehiago atxikitzeko eta medikazioaren ondorio kaltegarriak saihesteko.

Emaitzen ustiapenaz arduratzen diren bazkideek Gatekeeper soluzioa merkatura ateratzeko normalizazio-arauak eta -bideak identifikatzeko eta aztertzeko aurrerapenak partekatu dituzte. Testuinguru horretan, estandarretan oinarritutako esparru irekia, elkarreragingarria eta segurua eta Europako eragile guztientzat erabilgarria dena eskaintzeko lan egingo da.

Proiektua hobeto ezagutu edo haren bilakaera jarraitu nahi baduzu, joan haren webgune ofizialera: https://www.gatekeeper-project.eu/