Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-k (BEC) , Kronikguneren egoitzak, proiektuko bederatzi bazkideen arteko topaketa jaso du otsailaren 4an eta 5ean.

Batzarrak balio izan du azken hilabeteotako lan eta mugarriak berrikusteko eta pilotu bakoitzak esku-hartzearekin bizitzen ari den esperientzia partekatzeko.

UPRIGHT proiektuak («Universal Preventive Resilience Intervention Globally implemented in schools to improve and promote mental Health for Teenagers») 24 hilabete daramatza abian. Bere helburu nagusia 12 eta 14 urte bitarteko nerabeen erresilientzia-ahalmena areagotzea da. Horretarako, nerabeei, haien familiei eta eskola-komunitateari zuzendutako programa psiko-hezitzaile bat garatu da. UPRIGHT programak populazio horren konfiantza eta funtzio kognitiboa indartzea du xede, lau gaitasunetan ahalduntzearen bidez: (i) aurre egitea, (ii) eraginkortasuna, (iii) ikaskuntza soziala eta emozionala, eta (iv) mindfulness praktika.

Kronikgunek Europako zazpi herrialdetako 9 bazkidek osatutako partzuergoa koordinatzen du. UPRIGHT programa Europako bost eskualdetan ezarri da: Euskadi, Trento (Italia), Silesia Beherea (Polonia), Danimarka eta Reykjavikeko ingurua (Islandia). Esku-hartzea 2018-2019 ikasturtean hasi eta 2020-2021 ikasturtean bukatuko da. Bost eskualde pilotuetan 5.000 nerabek, 4.200 familiak eta 660 irakaslek baino gehiagok hartzen dute parte. Kronikgunek bilera hasi eta ordura arte egindako jarduerak erakutsi ditu. Osakidetzarekin batera, ebaluazio kuantitatibo eta kualitatiboko metodoen bidez jasotzen ari diren datuak eta egindako lehen analisiak erakutsi ditu. Ildo horretatik, Osakidetzak kostu-eraginkortasun eredu prediktibo baten bidez egingo den eragin sozio-ekonomikoa ere aurkeztu du.

Proiektuaren hedapena izan da batzarraren beste puntu garrantzitsu bat. Lan-pakete hau koordinatzen duen taldeak bazkide guztiak zoriondu nahi izan ditu proiektua ezagutzera emateko egiten ari diren lanagatik, tokiko eta nazioarteko foro eta hitzaldietan. Udan Islandian egingo den psikologia positiboari buruzko munduko hurrengo kongresuan, European Conference on Positive Psychology (ECPP) 2020, UPRIGHT proiektuak parte hartuko duela berretsi da.

Bestalde, argitalpen-batzordea ere bildu da artikulu zientifikoak idazteari buruzko irizpideak adosteko eta 2020an lantzen hasiko diren argitalpenak planifikatzeko.

Batzarra giro proaktiboan eta elkarlanean egin denez, erabaki asko hartu dira, zalantzarik gabe, 2020ko urrira arte planifikatutako hurrengo ekintzen arrakasta ziurtatuko dutenak.

Proiektua hobeto ezagutu nahi baduzu, joan haren webgune ofizialera: www.uprightproject.eu edo jarrai iezaiozu: @Uprightproject1