Kronikgunek koordinatuko du lau urtetan zehar bederatzi Europako herrialdetako 11 kidek osatutako partzuergoa

Proiektuari hasiera emateko bilera Bilbon burutu da, urtarrilaren 21ean eta 22an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuaren presentziarekin eta bederatzi herrialdetako 40 ikertzaile baino gehiagoren parte hartzearekin. Nekane Murgak Euskadik osasun ikerketaren arloan burutzen duen lana azpimarratu du, “adinekoen gaixotasunak ebaluatu eta goiz antzemateko estrategia berriak” definitzea ahalbidetuko duen proiektu berriaren balioarekin batera. Eusko Jaurlaritzak azken urteotan apustu irmoa egin du zahartze aktiboaren alde, arreta pertsonengan eta hauen eskubide eta erantzukizunetan jartzen duen estrategia batekin, gizartearen parte aktibo diren heinean. Ahalegin horri esker, 2019ko irailean, Europako Batzordearen errekonozimendua jaso zuen, arlo honekin lotutako ekintza berritzaileari emandako bikaintasun-ziurtagiri baten bidez.

Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen bizi itxaropena nabarmenki areagotu da herrialde askotan, besteak beste, medikuntzan izandako aurrerapenen ondorioz. Osasun sistemek hainbat erronka dituzte aurrean, hala nola pazienteek ahalik eta bizitza independenteena izan dezaten lortzea, lan karga geroz eta astunagoa duten zaintzaileei sostengua ematea, eta osasun eta gizarte sistema jasangarriak sortzea.

ADLIFE (“Integrated personalized care for patients with advanced chronic diseases to improve health and quality of life”) proiektua erronka horiek gainditzeko helburuarekin jaio zen, eta gaixotasun kroniko aurreratuak dituzten pazienteen sostengua eta bizi kalitatea hobetzeko ere. Proiektuaren xede nagusia da gaixotasun kroniko aurreratuak dituzten adinekoei arreta integratu, koordinatu, goiztiar eta pertsonalizatua eskaintzea. Proiektua gaixotasun larri eta kronikoa duten eta euren funtzionalitateen eta gaitasunen murrizketaren ondorioz bizi itxaropenaren murrizketa potentziala izan duten 55 urtetik gorako pazienteei zuzenduta dago.

ADLIFE zazpi herrialde eta osasun sistema hauetan burutuko diren proiektu pilotuen bidez garatuko da: Euskadi (Osakidetza), Erresuma Batua (NHSL Lanarkshire), Danimarka (Southern Denmark), Polonia (FALKHOSP Lower Silesia), Alemania (Werra-Meißner Kreis), RJH-Suedia (Region Jämtland Härjedalen) eta Israel (Maccabi Healthcare Services). 75 ospitale, klinika eta lehen mailako arretako zerbitzutako 600 osasun arloko profesionalen, 800 paziente eta 1200 zaintzaile baino gehiagoren parte hartzea aurreikusi da.

Lau urte hauetan zehar, irtenbide berritzaile bat garatuko da arreta planen pertsonalizazioa ahalbidetzeko eta pertsona hauek dituzten behar eta lehentasun aldakorrei erantzun azkar eta goiztiarra emateko gaitasuna hobetzeko. ADLIFE ekimenak laguntza zerbitzuak eskainiko ditu erabaki klinikoak hartzeko eta, zerbitzu horiei esker, tratamendua proposatzeaz gain, pazienteen sintoma eta behar aldakorrak zehatzago antzeman ahalko dira eta osasun arloko profesionalei zuzendutako alarmak sortuko dira. Halaber, pazienteak bere osasunaren kudeaketan parte hartze handiagoa izateko zerbitzu espezifikoak ere eskainiko dira.

Horrez gain, ADLIFE irtenbideek barne izango dituzte Arreta Pertsonalizatuko Planen kudeaketarako plataforma bat, erabaki klinikoak hartzeko laguntza zerbitzuak, elkarreragintasuna errazteko irtenbideak eta pazienteak ahalduntzeko plataforma bat. Horretarako, H2020, C3-Cloud eta Power2DM proiektu europarretan garatutako laguntza emateko irtenbide digital pertsonalizatuak erabiliko dira, hainbat Europako herrialdetako osasun sistema errealetan baliozkotu direnak, besteak beste Osakidetzan.

ADLIFE sare sozialetan: 

@AdlifeEu