Lituaniak, Errumaniak eta Luxenburgok, proiektuko herrialde pilotuek, hainbat jardueratan parte hartu dute CARDIO 50 jardunbide egokia euren osasun sistemetan ezartzeko.

Young50 proiektuaren esparruan, Italiako gaixotasun eta arrisku kardiobaskularren baheketa-eredua, CARDIO 50, Europako hiru herrialdetara transferituko da: Lituania, Errumania eta Luxenburgo. Helburua da jardunbide egoki hau abian jartzea, herrialde bakoitzari egokitu ondoren, hartara jardunbidearen iraunkortasuna eta aplikagarritasuna bermatuta. Proiektuko bazkidea den Kronikgune Institutuak du hiru herrialdeei laguntza emateko ardura, egoeraren analisia burututa, bideragarritasuna eta beharrak aztertuta eta ekintza-planen definiziorako laguntza emanda, hori guztia CARDIO 50 programa modu arrakastatsuan ezartzea lortzeko.

Kronikgune Institutuak Lituaniarekin, Errumaniarekin eta Luxenburgorekin batera burutu dituen jardueretako bat izan da herrialde bakoitzaren egungo egoera eta osasun sistemaren testuingurua aztertzea, AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak) analisi baten bitartez. Metodo analitiko hori abiapuntu hartuta, prebentzio kardiobaskularrerako programaren ezarpenean eragina izan dezaketen barne faktore (indarrak eta ahuleziak) eta kanpo faktore (aukerak eta mehatxuak) nagusiak identifikatu eta sailkatu dira. Azterketa honi esker definitu dira ekintza estrategikoak eta ezarri dira lehentasunak, CARDIO 50 programa herrialde bakoitzean abian jarri ahal izateko.

Barne mailako emaitzei dagokienez, pilotuek adierazi dute prebentzio programetako aurretiazko ezaguera edo “know-how” delakoa indargunea dela eta jardunbide egokiaren ezarpena burutzeko esperientziadun langile kualifikatuak izatea ere bai. Halaber, proiektua eta proiektuak dakarren finantzazioa aukeratzat jo dira CARDIO 50 eredua ezartzeko, bestela prozesu zailagoa eta mantsoagoa izango litzatekeelako. Oztopoen atalean, parte hartzaileen jarraipena automatizatzeko teknologia egokirik ez izatea edo teknologiak erabiltzen ikasteko prozesua identifikatu dira ahulezia moduan, besteak beste. Beste erakunde batzuekin sinergia berriak sortu edo sustatzea eta gaixotasun kardiobaskularren eta CARDIO 50 programarekin lotura duten gaixotasunen inguruko prebentzio proiektu nazional berriak garatzeko aukera dira kanpo faktore positibo nagusiak. Aukera gisa aipatzen da ere gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren inguruko gaietan herritarren sentsibilizazioa eta ezaguerak areagotzeko eta zabaltzeko jarduerak burutu ahal izatea. Hala ere, osasun arloko profesionalen gehiegizko lan karga da parte hartzaileak lortzea eta programa hiru herrialdeetan ezarri eta garatzea oztopa dezakeen faktoreetako bat.

AMIA analisi bidez identifikatutako lehentasunak oinarri hartuta eta Kronikgune Institutuaren laguntzarekin, Lituaniak, Errumaniak eta Luxenburgok euren “YOUNG50 Tokiko Prebentzio Programa” definitu dute eta CARDIO 50 tokiko mailan ezartzeko ekintza-plan bat garatu dute. Behin ekintza planak definituta, hiru herrialdeak beharrezkoak diren jardueren plangintza xehatua burutzen ari dira, CARDIO 50 programa herrialde bakoitzaren osasun sisteman abian jartzeko.

Proiektua hobeto ezagutu eta zer bilakaera duen ikusi nahi baduzu, joan haren webgune ofizialera: https://www.young50.eu/