Letoniako Osasun Ministerioak antolatu du ekitaldia, 2024ko martxoaren 7an eta 8an, Rigan (Letonia).

Baltikoko 18. Elkarrizketa Politikoa (18. Baltic Policy Dialogue), Letoniako Osasun Ministerioak antolatua, Osasunaren Mundu Erakundearekin (OME-OMS bere siglak gazteleraz), OMEren Lehen Mailako Arretako Europako Zentroarekin, Osasun Sistema eta Politiken Europako Behatokiarekin batera, osasunaren lehen mailako arretaren eraldaketan zentratu da, digitalizazioaren, langileen garapen profesionalaren eta antolamendu-ereduen erreformen bidez. Eredu-aldaketa horren helburua da sarbidea, eraginkortasuna eta osasun-emaitzak hobetzea, diziplinarteko lankidetza sustatuz eta zahartzen ari den biztanleriaren beharrak asetzeko tresna eta berrikuntza digitalen erabilera bultzatuz.

Ekitaldian osasun ministroak, goi mailako aholkulariak eta Baltikoko herrialdeetako erabakiak hartzeko arduradunak bildu dira. Era berean, beste erakunde batzuetako adituek ere parte hartu dute, eskualde baltikoan lehen mailako arretako estrategien garapena aberastea ahalbidetuko duten nazioarteko ikuspegiak partekatzeko.

2004az geroztik, Baltic Policy Dialogue urtero antolatzen da, eta Baltikoko hiru estatuetako osasun-sektorean goi-mailako erabakiak hartzeko ardura duen talde bati deitzen dio, osasun-ministroak, aholkulari nagusiak eta hainbat osasun-agintariren ordezkariak barne. Eskualde-azpiko bilera horien bidez, esperientzien eta jardunbide egokien trukea sustatu nahi da, eta mugaz gaindiko loturak eta sareak sortu.

Biosistemak Institutuko zuzendari zientifikoak, Euskadi ordezkatuz, Baltikoko Elkarrizketa Politikoaren 18. edizio honetan parte hartu du. Ane Fullaondo Zabalak JADECARE ekintza bateratua aurkeztu du. Ekintza hori 2023ko urrian amaitu zen, eta Biosistemak erakundeak koordinatu zuen Europa mailan. Proiektuan 17 estatu kidetako 40 kide europarrek baino gehiagok parte hartu zuten, eta osasun-sistemak zerbitzu eskuragarriago, bidezkoago eta iraunkorragoetara aldatzea zuen helburu, Europan arreta sanitario integratua eta pertsonarengan zentratua eskaintzera bideratuta.

Biosistemak Institutuak proiektuaren esparruan diseinatu eta probatutako inplementazio-metodologiari jarraiki, JADECAREk berrikuntza eta tresna digitalak sartzean osasun-sistema batek izan ditzakeen onurak nabarmentzeko balio izan du, eta osasun-sistemaren benetako eraldaketa lortzeko beharrezkoak diren elementuei buruzko ezagutza handitzen lagundu du, Lehen Mailako Arreta barne. Hitzaldian hiru kasu arrakastatsu aurkeztu ditu, eta horiek teknologia zehatzetan oinarritutako ekintza berritzaileak inplementatu zituzten Lehen Mailako Arretan. Hiru adibide, beste eskualde batzuetarako inspiratzaile izan nahi dutenak, kasu honetan Baltikoko herrialdeetako osasun-sistemetarako, sisteman teknologiak erabiltzeko jasangarritasuna bermatzen duten alderdiak biltzen baitituzte.

Topaketari buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, klikatu esteka honetan:

https://www.who.int/europe/news-room/events/item/2024/03/07/default-calendar/18th-baltic-policy-dialogue