Uztailaren 19tik 21era izan da seigarren edizioa, Melbourneko (Australia) Biltzar eta Erakusketa Jauregian.

Munduko biltzar hori oso garrantzitsua da psikologia eta hezkuntza positiboaren arloan, eta, oraingoan, “Nexus” (alegia, lotura) izan da gai nagusia. Haren programa zientifikoa UPRIGHT proiektuarekin bat etorrarazi da, eta mundu osoko eskoletako erresilientzian oinarritutako hezkuntza positiboko programa eta jardunbideei buruzko aurkezpenak bildu ditu. Era berean, ikerketa-proiektuak aurkeztu dira, irakaskuntzan ongizateak errendimendu akademikoa hobetzen duela erakusteko. Mundu osoko 60 herrialdetako 1.600 ordezkari baino gehiago bildu dira aurten ere, psikologia positiboarekin erlazionatutako zientzian eta ikerketan oinarrituta dauden azken aplikazioei buruz ikasteko.

UPRIGHT partzuergoko kideek (tartean, Kronikguneko ordezkari bat) azterlanaren gaia lantzeko soilik antolatutako tailer batean aurkeztu ahal izan dute proiektua. UPRIGHT proiektuak (“Universal Preventive Resilience Intervention Globally implemented in schools to improve and promote mental Health for Teenagers”) ongizate mentala sustatu nahi du, eta gaixotasun mentalak saihestu, 12-14 urteko nerabeen erresilientzia-ahalmena areagotuz. Izan ere, adin tarte horretako biztanleak osasun mentaleko arazoak eta jarrera arriskutsuak gara ditzaketen arrisku-faktoreen pean daude. UPRIGHT esku-hartzeari esker, gazteen konfiantza pertsonala eta funtzio kognitiboa indartzen dira, eta hainbat gaitasunetan ahalduntzen (besteak beste, aurre-egite, eraginkortasun eta ikaskuntza soziala eta emozionala), baita mindfulness delakoa garatzen laguntzen ere. Proiektuko programa familiengana eta ikastetxe eta eskola-komunitate osoarengana zabaltzen da, ongizate mentala eragiteko edo hobetzeko.

Tailerrak, nagusiki, proiektua ezagutarazi nahi izan du, eta helburu nagusiak eta espero diren emaitzak erakutsi. Era berean, osasun mentaleko adituekin batera UPRIGHT eskuliburua nola sortu den azaldu da, eta lurraldeetako bertsioak nolakoak diren, baita teknika kualitatiboen bidez balidazio-prozesua nola egin den ere, proiektu pilotua ezarrita duten Europako bost eskualdeekin batera (Euskadi, Trento —Italia—, Silesia Beherea —Polonia—, Danimarka eta Reykjavikeko ingurua —Islandia—).

Tailerrean izan direnek UPRIGHT esperientzia bizi izan dute, eskuliburuko ariketa bat egin baitute. Bestalde, Kronikgune arduratu da nola esku hartzen ari den, ikastetxeetan UPRIGHT nola ezartzen ari den eta programaren ezarpen-maila nola ebaluatzen ari den azaltzeaz. Tailerrari amaiera emateko, ikastetxeetako erresilientzia komunitarioa neurtzeko egin diren galdetegiak aurkeztu dira.

Aipagarria da bertaratuek interes handia erakutsi dutela UPRIGHT proiektuak erresilientzia komunitarioa nola lantzen duen aztertzean. Azpimarratu da proiektuak ongizate-kultura sortu nahi duela ikastetxeetan, jarduera irekietan elkarrekin parte hartuz, bai familiei zuzendutakoetan, bai hezkuntza-komunitate osoari zuzendutakoetan, baita ikastetxeko ikasle guztiei zuzendutakoetan ere.

Biltzarrari esker, UPRIGHT partzuergoko kideek zuzenean ezagutu dute Australiako “Geelong Grammar School” eskolan ezarritako eredua. Eskola hori aitzindaria da mundu-mailan psikologia positiboa eskola osoan lantzen eta ezartzen eta ongizate mentala eragiten.

Biltzarrean gertatu zenari buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzu, egin klik hemen: https://www.ippaworldcongress.org/