Topaketari esker, orain arte egindako lanak aztertu ahal izan dira, eta datozen hilabeteetan gauzatuko diren ekintzen plan xehatua ezarri.
Trondheimen (Norvegia), NTNUren egoitzan, egin da UPRIGHT proiektu europarraren hirugarren batzar nagusia. NTNU Partzuergoaren zazpi bazkideetako bat da. Ekainaren 25ean eta 26an, orain arte burututako zereginak eta izandako gertaera garrantzitsuak laburbildu dira, baita hurrengo urratsak adostu ere, proiektua aurrera doala ziurtatzeko.
UPRIGHT proiektua («Universal Preventive Resilience Intervention Globally implemented in schools to improve and promote mental Health for Teenagers») 12 eta 14 urte bitarteko nerabeei dago zuzenduta; hain zuzen ere, osasun mentaleko arazoak eta jarrera arriskutsuak gara ditzaketen arrisku-faktoreak izan ditzaketen biztanleei. Ikerketak haien ongizate mentala sustatu nahi du, eta gaixotasun mentalak saihestu, erresilientzia-ahalmena handituta.
UPRIGHT partzuergoan dauden osasun mentalean adituek erresilientzia-programa bat diseinatu dute, eta haren bertsio pilotua garatzeko aukeratu diren Europako bost lurraldeetan (Euskadi, Trento —Italia—, Silesia Beherea —Polonia—, Danimarka eta Reykjavik aldea —Islandia—) balidatu da. UPRIGHT esku-hartzeari esker, gazteen konfiantza pertsonala eta funtzio kognitiboa indartzen dira, eta hainbat gaitasunetan ahalduntzen (besteak beste, aurre-egite, eraginkortasun eta ikaskuntza soziala eta emozionala), baita mindfulness delakoa garatzen laguntzen ere. . Prestakuntza-programa familiengana eta ikastetxe eta eskola-komunitate osoarengana zabaltzen da, ongizate mentala eragiteko edo hobetzeko.
Kronikgunek, proiektuaren Europako koordinatzaile gisa, eman dio hasiera bilerari, eta proiektuaren lehenengo 18 hilabeteetan egindako lana berrikusi du. Era berean, ebaluazio-taldeak (Kronikgune eta Osakidetza buruan) programaren eraginkortasunari buruzko emaitza basalak aurkeztu ditu, ikastetxeetan esku hartu aurretik.
Bestalde, Bruno Kessler Fundazioko talde italiarrak programa pilotua bost lurraldeetan monitorizatu ondoren lortu diren emaitzak azaldu ditu. Azterketak hobetu beharreko alderdien identifikazioan jarri du arreta, eta, horri esker, 2019-20 ikasturtean programaren edukia eta hura ezartzeko prozedurak hobetu eta aldatu ahal izango dira. Horren harira, estrategia berriak zehaztu dira familiek eta irakasleek parte har dezaten. Argitalpen-batzordea ere bildu da batzarrean, artikulu zientifikoak idazteari eta beste zabalkunde-jarduera batzuk egiteari buruzko irizpideak adosteko.
Nabarmentzekoa da ekainaren 25ean ekitaldi zientifiko bat antolatu dela BOOST proiektu europarraren koordinatzaileekin. Bi proiektuak aurkezteaz gain, galde-erantzunen saio bat ere izan da. Bileran, H2020 programak finantzatutako bi proiektuen artean etorkizunean zer sinergia egon daitezkeen zehaztu da.
Proiektua hobeto ezagutu nahi baduzu, joan haren webgune ofizialera www.uprightproject.eu) edo jarrai iezaiozu: @Uprightproject1