Ekainaren 27an eta 28an, Edinburgoko hirian, Eskozian, burutu zen proiektu europarraren baitako partzuergoaren bilera berri hau.

Scirocco proiektu europarrak (“SCaling IntegRated Care in COntext“) 27 hilabete bete ditu jada, aurreikusitako 32 hilabeteetatik, eta Europako eskualdeen artean Arreta Integraturako Jardunbide Egokiak zabaldu eta transferitzea ahalbidetzen duen tresna baten garapena eta balidazioa du helburu, betiere testuingurua kontuan hartuta. Honela, “Scirocco Tool” tresnari esker, arreta integratuaren adopziorako eskualdeen heldutasunaren ebaluazio multidimentsionala eta Jardunbide Egokien heldutasun-baldintzen analisia egin daitezke. Kronikgune eta Osakidetza 10 erakundek osatutako proiektu honen partzuergoko kide dira.

Laugarren batzar honen helburua pasa den 2018ko martxoan burutu zen azken bileraz geroztik burututako lana partekatzea izan da. Denbora honetan zehar, “Scirocco Tool” tresnari esker ebaluatu dira 15 Jardunbide Egokiren testuinguruen heldutasun-baldintzak jardunbide horiek beste ingurune batera transferitze aldera. Tresna honek Jardunbide Egokien heldutasun-baldintzak ebaluatzea ahalbidetzen du, jardunbideak eskualdeen arteko senidetze eta coaching (“twinning & coaching”) ekimenetan erabili ahal izateko. Halaber, tresnaren hobekuntzan ere aurrerapausoak eman dira. Hilabete hauetan zehar, “in situ” bisitaldiak antolatu dira ere Puglia (Italia) eta Euskadiko eskualdeetara. Bisitaldi hauen helburua eskualde hauetako Jardunbide Egokiak hobe ezagutzea izan da. Pasa den ekainean, Euskadik Norbotten (Suedia) eskualdeko delegazio baten bisita jaso zuen, Araba Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) garatu den “Aurretiazko Borondateak” Jardunbide Egokia sakontasunean ezagutzeko interesa zuena.

Kronikgune eta Osakidetza laugarren batzar honetan izan ziren eta bertan azaldu zuten, besteak beste, Jardunbide Egokien baldintzak definitzeko erabilitako metodologiaren berrikusketa. Adibide moduan “Aurretiazko Borondateak” jardunbideari burututako heldutasun-ebaluazioa aurkeztu zuten. Jorratutako erronkak eta elementu berritzaileak deskribatu zituzten eta “Scirocco Tool” tresnarekin burututako heldutasun-baldintzen ebaluazioan lortutako emaitzak ere azaldu zituzten. Halaber, burututako azterketa eztabaidatu zen jardunbide hau Norbotten eskualdean ezartzeko bideragarritasuna ikusteko, burututako bisitaren ondoren.

Datorren urriaren 24rako, Bruselan, aurreikusitako Proiektuaren amaierako batzordea burutu aurretik, beste “in situ” bisitaldi batzuk antolatuko dira gainerako eskualdeek ebaluatutako Jardunbide Egokiak sakonki ezagutzeko helburuarekin. Honela, Euskadiko delegazio bat Eskoziara joango da “Komunitate osasuntsuago eta zoriontsuagoak eraikitzen” (“Building healthier and happier communities”) programa hobe ezagutu ahal izateko. Bisitaldiek Scirocco tresna eskualdeen arteko ezaguera-transferentziarako zein neurritan den erabilgarria aztertzea ahalbidetuko dute.

Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, bisitatu proiektuaren webgunea edo Kronikguneren webgunean argitaratutako fitxa: https://www.kronikgune.org/scirocco/