2017an zehar, hainbat topaketa antolatu dira Europako Erreferentziako Eskualdeen artean zahartze aktibo eta osasuntsurako irtenbide berritzaileak hedatzea sustatzeko.
“Scale AHA” ikerketa Zahartze Aktibo eta Osasuntsuaren Arloan Berrikuntzarako Europar Elkartearen ekimena da (EIP on AHA ingelesez). Praktika berritzaile digitalen eskalatzea, hedapena eta erreplikazio prozesua europar eskualdeetan sustatzeko xedea du. Helburu horrekin, EIP on AHAren bazkideen, erreferentziako guneen eta nazioko/eskualdeko/tokiko erakunde eta ekosistemen artean antolatutako jarduerak prestatu dituzte. Jarduera horiek osasun arretari, arreta sozialari, osasunari, Informazioko eta Komunikazioko Teknologiei (IKT) eta finantzei buruzko jakintzaren transferentzia sustatu dute.
Europako 24 Estatu kideren erreferentzia gune horiek eskualdeen arteko lankidetzarako deialdian hartu zuten parte (ingelesez, “Twinning”). 2017an zehar, Europako erreferentziako 13 herrialdek jaso dute finantzazioa bisitak antolatu eta bestelako jarduerak antolatzeko, jakintza transferitzeko zein soluzio berritzaileak hedatzen laguntzeko.
2016an, Kronikgunek, Euskadiren ordezkaria, lau proiektu lortu zituen; horietako bat gaixoa ahalduntzeari lotutako eskualde hartzaile gisa, eta beste hirurak arriskuen estratifikazioaren inguruko erreferentziako eskualde gisa. Ahalduntzeari buruzko “Twinning” horri esker, Eskozian arlo horren inguruan barneratu diren Praktika On berritzaileak sakonean ezagutu ahal izan dira. Lankidetza horren barruan antolatutako jardueren bitartez, eta ikasitakoarekin, Osakidetzak, beste erakundeekin batera, eskura dituen tresna eta programa hezitzaileak hobetzen dihardu jada lanean. Bestetik, erreferentziako eskualde gisa, Euskadik arriskuen estratifikazioari buruzko praktika onaren ezagutza partekatu du hiru eskualdeekin: Liguria, Eskozia eta Akitania. Euskal Osasun Sisteman 2011z geroztik erabiltzen den tresna bat da. Haren bitartez, etorkizunean osasun zerbitzu handiagoak behar izateko probabilitate handiagoa duten pertsonak identifikatu eta hiritarren beharrei egokitutako esku-hartze berriak planifikatzen dira.
Scale AHAren azken txostenak ikerketan antolatutako jarduera guztien deskribapen orokorra eskaintzen digu, eta baita lortutako emaitzak eta parte hartzen duten eskualdeek egindako gomendioak ere. Deskargatu txostena hurrengo esteka sakatuz: Scale AHA ikerketaren azken txostena.