Urrian zehar, 12 eta 14 urte bitarteko nerabeak biltzeari ekingo zaio, zeinak osasunaren sustapen-programan eta bizimodu-ohituretan aldaketak sustatzeko programan sartuko diren.

intervecion-grupal-euskadi-proyecto-europeo-pre-start-kronikgune

Pre-Start, Prevention Strategies for Adolescents at Risk of Diabetes programan parte hartzen duten erakundeetako profesionalak trebatuz, Itziar Vergara Doktoreak zuzendutako proiektuaren taldeko esku-hartzeari ekin zaio, bizimodu osasuntsuarekin lotutako hainbat gai aztertzeko helburuarekin, oinarrizko hiru zutabetan oinarrituta: elikadura, jarduera fisikoa eta osasun emozionala.

Parte hartuko duten erakundeetako arreta primarioko profesionalek 2 motako diabetesa izateko arriskuan dauden eta gehiegizko pisua eta egoneko joera duten 100 nerabe identifikatuko dituzte, eta ausaz bi taldetan banatuko dira. Lehenengoari, kontroleko taldea, ohiko jarraipena egingo zaio eta bigarrena, aldiz, esku-hartze taldea, programa zehatz batean sartuko da.

Programa bi fasetan dago banatuta: lehenengoan, intentsiboagoa, nutrizionistek 8 saio eskainiko dituzte ondoz ondoko 8 astetan zehar nerabeak hezteko; bigarrenean, jarraipen-fasea, programa hobeto atzitzeko saio gogorarazleak burutuko dira (esku-hartzearen 3, 6 eta 9 hileetan). Horretarako, bi lantalde paralelo eratuko dira, bata parte hartuko duten nerabeek osatua (12 talde bakoitzean) eta bestea haien gurasoek osatua (20 lagun talde bakoitzean).

Teknika kognitibo-konduktualen eta psikodinamikoen bitartez printzipio hauek lantzeko sistema bat da: elikadura osasuntsua, jarduera fisikoa areagotzea, egoneko bizimodua murriztea, autokontrola lantzea, gorputzaren itxura hobetzea, komunikazioa areagotzea, gatazken konponketa eta asertibitatea erraztea, besteak beste. Gainera, haien seme-alabek duten gehiegizko pisuaren inguruko arazoen, eta familia arloan bizimoduan aldaketak egitearen garrantziaren inguruan haiek kontzientziatzen saiatuko da.

Gaixo guztiei, kontroleko taldeetan daudenen zein esku-hartze taldean daudenen balorazioa egingo da, pilotatzearen hasieran eta bukaeran, jarduera fisikoaren inguruko (PAQ-A), sedentarismoaren (egoneko bizimodua) inguruko (ASAQ) eta elikadura ohiturei buruzko (KIMED) galdera-sorta balioztatu batzuen bitartez, eta azterketa fisiko baten bitartez.

Azterlan honen emaitzak oso lagungarriak izango dira diseinatutako esku-hartzeak parte hartuko duten nerabeen eta haien senideen bizimoduan aldaketak eragingo dituen ala ez ebaluatzeko.

Sakatu hemen proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu.