COVID-19ren aurkako ikerketaren emaitzen eskuragarritasuna maximizatu nahi du manifestuak.

Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutuak bat egin du Europar Batasunak sustatutako COVID-19ri buruzko ikerketarako manifestuarekin. Beren borondatez atxiki nahi diren Europako funtsen erakunde onuradunei zuzenduta dago testua. Europar Batasunak azpimarratzen du ikerketaren emaitzak denon onurarako balioesteko premia larria dagoela; horregatik, manifestuak SARS-CoV-2 Koronabirusarekin lotutako ikerketaren emaitzen irisgarritasuna maximizatu nahi du, eta komunitate zientifikoaren esku jarri.
Kronikgune Institutua jakitun da ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak oso garrantzitsuak direla COVID-19ren pandemia prebenitzeko, diagnostikatzeko, tratatzeko eta geldiarazteko, eta, manifestu horrekin bat egin ondoren, honako konpromiso hauek hartu ditu:

– Proiektuek sortutako emaitzak, ukigarriak edo ukiezinak, ahalik eta azkarren publikoak eta eskuragarriak izan daitezen lortzea.
– Artikulu zientifikoak eta ikerketa-datuak eskuragarri jartzea sarbide irekian, gordailu publikoetan eta COVID-19 Europako Datu Plataforman, atzerapenik gabe, beste ikertzaile batzuek erabili eta balidatu ahal izan ditzaten.
– Ahal den guztietan, EBk finantzatutako ikerketaren emaitzei buruzko egile-eskubiderik gabeko lizentzia ez-esklusiboak ematea, denbora mugatu baterako.

Europar Batasunak sustatutako COVID-19 ikerketarako Manifestua partikularrentzat ere irekita dago. Europako Batzordearen esteka honetan dago interesdun guztientzako inprimakia: https://ec.europa.eu/info/research-and-innovation/research-area/health-research-and-innovation/coronavirus-research-and-innovation/covid-research-manifesto_en