2019ko irailaren 2tik 6ra, Dubrovniken (Kroazia), gizarte-lanak osasun-sistemak eraldatzen dituela berresten duen biltzarra izan da.

The Breakthrough of the Social biltzarrak osasun-arloko eta gizarte-zerbitzuetako profesional eta kudeatzaileak, eta ikertzaileak bildu ditu gizarte-lanaren zereginari buruz eztabaidatzeko. Hiru egunetan, gizarte-lanaren teoriarekin eta praktikarekin, gizarte-politika osasun-sistemetan ezartzeko modu berriekin eta lan komunitarioarekin erlazionatutako alderdiak aztertu dira, besteak beste.

Tailer tematikoetarako gordetako eremuan, Kronikgunek Scirocco Exchange Europako proiektuaren aurkezpenean parte hartu du. Europako Batzordearen Hirugarren Osasun Programaren finantzaketa duen proiektu horrek arreta integratua hartzen eta eskalatzen lagundu nahi die osasun-agintariei eta laguntza sozialekoei. Proiektuaren 32 hilabeteetan, arreta integratua ezarri ahal izateko behar diren aktiboak eskainiko dira, eskualde bateko frogetan oinarrituta. Era berean, jakintzen transferentzia pertsonalizatua eta arreta integratuan hobekuntzak planifikatzea sustatuko dira. Scirocco Exchange-k frogak eta tresnak lortzeko prozesua hobetzeko egingo du lan, baita eskualdeak ulertzeko ere arreta integratua ezartzeari dagokionez.

Proiektuaren koordinatzaileek antolatu dute tailerra, eta Europako bi eskualdetan (Eskozia eta Euskadi) arreta integratua ezartzeko heldutasun-maila eta ahalmena aztertzea izan du helburu. Bertaratuen arteko interakzioak eta eztabaidak inplementazioaren zailtasunei heltzeko aukera eman dute. Kronikgunek agerian utzi ditu Euskadiko arreta integratuaren ikuspegia eta heldutasuna, Scirocco tresnaren bidez. Tresnak funtsezko 12 alderdi ditu, eta osasun-sistemak arreta integratua hartzeko duten heldutasunaren hainbat alderdi ebaluatzea ahalbidetzen du. Mintegian, Euskadik Eskoziako eta Suediako eskualdeekin anaitzeko egin dituen lanak ere azaldu dira (Twinning & Coaching ingelesez).

Tailerraren bigarren zatian, «Jakintza kudeatzeko konexioen nodoa» aurkeztu da («Knowledge Management Hub – KMH»), zeina Scirocco Exchange-n garatuko baita. Erreminta honek arreta integratuan dauden aktiboak eskainiko ditu, eta haiek proiektuan parte hartuko duten eskualdeen behar bereziekin lotuko.

Scirocco Exchange-k The Breakthrough of the Social biltzarrean parte hartzeari esker, eskualdeek zer ekintza eta jarduera lehenetsi behar dituzten eztabaidatu ahal izan da, arreta integratua hartzeko eta zabaltzeko duten ahalmena hobetze aldera.