Berrikusketa horretan proiektuaren lehenengo 18 hileetan egindako lana ebaluatu zen, zer hobetu aztertu zen eta hurrengo hileotan egingo diren ekintzak zehaztu ziren.

Iragan abenduaren 8an, C3-Cloud partzuergoaren bazkideak Bruselara hurbildu ziren Europar Batzordearekin proiektuaren lehenengo berrikusketa egiteko. Egun arte lortu dena aztertzea, lanak burutzeko orduan identifikatutako arriskuak eta alderdi kritikoak partekatzea eta proiektuan zehaztutako lanarekin aurrera egiteko hartutako irtenbide eta erabakiak azaltzea zen topaketaren helburua.

C3-Cloud partzuergoa osatzen duten 12 bazkideek, Erresuma Batuko Warwick buruan, lanean dihardute gaixo kroniko konplexuen arreta jarraitua, pertsonalizatua, bateratua, diziplina anitzekoa eta koordinatua lortze aldera. Horretarako, arreta pertsonalizatuko planen kudeaketa eta gaixoaren zein zaintzailearen ahalduntzea sustatuko duten bi plataforma berritzaile barneratzea dago aurreikusita.

Kronikgune eta Osakidetza dira Euskadiren ordezkariak partzuergo honetan.  Oso jarduera aktiboa dute bi lan-sortaren arduradun direlako, “Aplikazioaren garapena eta pilotuetan barneratzea” eta “Arreta ibilbideen eta antolaketa ereduen garapen eta aldaketen kudeaketa”, hain zuzen ere. Gainera, Euskadi hiru eskualde pilotuetako bat da, Warwickshire Hegoaldea (Erresuma Batua) eta Jämtland Härjedal eskualdearekin batera (Suedia). Bi erakundeek parte hartu zuten berrikusketa honetan, eta orain arte egindako lana azaldu zuten.

Proiektuaren lehenengo 18 hileetan, bazkideek hainbat lan egin dituzte egitasmoetan bilduta zegoen bezala. Hil horietan, C3-Cloud arkitekturak izan beharko dituen eskakizun kliniko eta teknikoak zehaztu dira. Gainera, osasun sistemek erabilitako teknologien elkarreragingarritasuna bermatu da eta  gaixoengandik jasotako datuen pribatutasun eta konfidentzialtasun baldintzak zehaztu dira. Burutu diren beste lanetako bat hiru eskualde pilotuen antolaketa-ereduak aztertzea eta arkitektura teknologikoa hedatzeko beharrezkoak diren baldintzak identifikatzea izan da. Bukatzeko, ebaluazioa egiteko adierazleak eta neurgailuak zehaztu dira.

Egun, bazkideak buru-belarri dabiltza bi plataforma horien finantzazioan eta zentroak, profesionalak eta gaixoak edota zaintzaile informalak barneratzen hasi dira pilotuak.  2018rako 15 hilabete iraungo dituen esku-hartzeari ekitea dago aurreikusita, non Europa mailako 1200 gaixok hartuko duten parte.

Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, sakatu hemen edo sartu webgune ofizialean: http://c3-cloud.eu/