Iragan urtarrilaren 23an ospatu zen ACT@Scale proiektuaren zazpigarren eta azken batzar nagusia, Hego Danimarkako eskualdearen europar bulegoan, Bruselan.

ACT@Scale proiektuaren  helburua Jardunbide Egokiak garatzea, sendotzea eta arreta integratura eta telemonitorizaziora haiek eramatea da,  Europako eskualdeen artean ikasitakoa lankidetza metodologia baten bitartez transferitzeaz gain. Jardunbide Egokiak gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei, adin aurreratukoei, hauskorrei edo gaixotasun mentalak dituztenei daude zuzenduta. Europako sei eskualdetako osasun zerbitzuek hartzen dute parte proiektuan: Katalunia, Hego Danimarka, Herbeheretako iparraldea, Eskozia, Alemania eta Euskadi.

Europako 13 kidek osatutako partzuergoak jarduten du proiektuan, zeinen artean Osakidetza eta Kronikgune ditugun.

Proiektuaren (2019ko martxoan bukatuko dena) azken batzar nagusiak ondorioak eta hainbat gomendio aurkezteko balio izan du.

Proiektuak iraun dituen hiru urteetan zehar, Osakidetzaren bi programa korporatibo hobetzeko egin da lan Euskadin: gaixotasun anitzeko gaixoentzako arreta integratuko ibilbidea eta bihotzeko gutxiegitasuna duten gaixoen telemonitorizaziorako zerbitzua. Horretarako, etengabeko hobekuntzako zikloetan oinarritutako lankidetzarako metodologia erabili da (ingelesez “PDSA–Plan, Do, Study, Act”). Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietako, Gorliz Ospitaleko, Santa Marina Ospitaleko, eta Osakidetzako Osasun Aholkua eta Zerbitzu Zentraletako kudeatzaile eta osasun-profesionalek osatutako diziplina anitzeko taldeek hilabeteak eman dituzte lan honetan. Ondorioz, bi programak Osakidetzako erakunde guztietara pixkanaka hedatzen joatea espero da.

Proiektuaren hurrengo bilera amaierako hitzaldia izango da, zeina Arreta Integratuko Nazioarteko 19. Konferentzian egingo den (“19th International Conference on Integrated Care – ICIC”), 2019ko apirilaren 1 eta 3 bitartean, Donostian.

Proiektua hobe ezagutu nahi baduzu, bisita ezazu webgune ofiziala: https://www.act-at-scale.eu/.