Bilbo aukeratu da europar proiektuaren jarraipen bilera berria burutzeko martxoaren 13 eta 14ean.

ACT@Scale europar proiektuaren helburua arreta integratuaren eta telemonitorizazioaren alorretako praktika onak zabaltzea da. Horretarako, 13 europar kidek osatutako partzuergoa lanean ari da hobekuntza-arloak hauteman eta aztertzeko, eta hautatutako programen zabalpena erraztuko duten ekintza zehatzak inplementatzeko,  metodologia kolaboratzailearen bitartez. Azken xedea gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen, pertsona hauskorren edo gaixotasun mentalak dituzten pertsonen heriotza-tasa murriztea eta bizi-kalitatea hobetzea da.

Kronikgune eta Osakidetza dira Euskadiren ordezkariak proiektu honetan. Tokiko mailan Osakidetzaren bi programa korporatibo hobetzeko lan egiten ari da: gaixotasun anitzeko  gaixoentzako arreta integratuko bidea eta bihotzeko gutxiegitasuna duten gaixoen telemonitorizaziorako zerbitzua. Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietako,  Gorliz Ospitaleko, Santa Marina Ospitaleko, eta Osakidetzako Osasun Aholkua eta Zerbitzu Zentraletako kudeatzaile eta osasun-profesionalek osatutako diziplina anitzeko taldeek hilabeteak daramatzate lan honetan. Etengabeko hobekuntza zikloetan oinarritzen den metodologia kolaboratzailearen bitartez, (ingelesez PDSA deritzo: Plan, Do, Study, Act), bi programak mailaka zabaltzen ari dira  Osakidetzako erakunde guztietan.

Bilboko bosgarren batzordean orain arte eskualde pilotuetan (Katalunia, Groningen, Eskozia, Hegoaldeko Danimarka, Alemaniako Kinzigtal eskualdea eta Euskadi) egindako aurrerapenak partekatu dira. Eskualdeek esperientziak partekatu dituzte gai hauei buruz: programen inplementazioa, aurkitutako eragozpenak eta ezarritako irtenbideak. Bestalde, aldaketaren kudeaketa, profesionalen esku-hartzea, zerbitzuen egokitzapena gaixoen beharretara, negozio- eta jasangarritasun-ereduak, eta biztanleriaren aktibazioari buruz jasotzen ari diren datuen ustiapen eta analisi zentralizatua egin da bileraren saio ezberdinetan.

María Aguirrek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendariak, ireki du batzordea. Bertaratutako guztiei ongietorria eman die eta aurkezpen bat egin du Euskadi eta euskal osasun-sistemari buruzkoa.

Igor Zabalak,  Osakidetzako Integrazio Asistentziala eta Kronizitate zerbitzuaren (SIAC, gaztelaniaz) arduradunak, diziplina anitzeko taldeak gaixotasun anitzeko gaixoentzako arreta-bidean  egindako lana azaldu du. Zehazki, arreta-bidean ezarritako hobekuntzak azaldu ditu, gaixoen eta zaintzaileen ahalduntzearekin lotutako jarduerak argituz.

Bere aldetik, Kronikgunek Euskadi eta Katalunian zerbitzuak hautatzeko egindako lana aurkeztu du. Helburua baliabide sanitarioen banaketa egokia lortzea da, halaber, gaixoen eta biztanleriaren behar aldakorrei erantzutea. Helburu hau lortzen ari den aztertzeko, Kronikgunek bi eskualdeetan ezarritako ekintzen eragina aztertu ditu ezaugarrien araberako gaixoen estratifikazioaren, beharren araberako zerbitzuen egokitzapenaren, arreta pertsonalizatuko planen gauzapenaren eta profesionalen esku-hartzearen arloetan.

Bestalde, batzordean zehar, Kronikgunek europar kideen pertzepzioa aztertu du proiektua hasi zenetik kudeaketa eta aurrerapenari dagokionez. Orokorrean, emaitzak positiboak izan dira.

Proiektua hobe ezagutu nahi baduzu, bisita ezazu webgune ofiziala edo egin klik hemen.