Otsailaren 27tik martxoaren 1era, Brusela, Europako eskualdeentzat eta merkatuko liderrentzat Ekintza Taldeen eta Erreferentziako Tokien Lankidetza Sarearen ekintza-planak berrikusteko topagune bilakatuko da.

Zahartze Aktibo eta Osasuntsuaren Arloan Berrikuntzarako Europako Elkarteak (European Innovation Partnership on Active and Healthy Ageing edo EIP on AHA ingelesez), Europako Batzordea buru duela, Europako lehiakortasuna areagotu eta gizarte-erronkei aurre egin nahi die ikerketa eta berrikuntzari esker. Eragile interesdun nagusiek, azken erabiltzaileek, agintari publikoek, industriak eta berrikuntzaren zikloekin lotura duten kolektibo guztiek osatzen dute elkarte hau. Elkartearen kide diren eskualdeen helburuak dira Europako biztanleen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea, Europako lehiakortasuna hobetze aldera, produktuen, zerbitzuen eta prozesuen berrikuntza sustatzea eta 2020 urterako bizi-itxaropena bi urtetan areagotzea.

María Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun  Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendaria, izango da Euskadin, lau izarreko Erreferentziako Tokiaren errekonozimendua jaso zuenetik, burututako lana aurkezteko ardura izango duena. María Aguirrek, erreferentziako tokien topaketan, Euskadik sektoreen arteko ezaguera berritzaileak eskualdatzeko duen ekosistema egokia eta osasun-laguntzaren iraunkortasuna eta berrikuntza sustatzeko burututako jarduerak azalduko ditu. Besteak beste, honakoak aurkeztuko ditu: Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Estrategia (RIS3), EIP on AHA ekimenarekin lotutako jarduerak, “Euskadi Lagunkoia” ekimena eta Euskal Osasun Sistemaren Arreta Integratuaren garapenak eta erronkak.

2016az geroztik, Euskadi lau izarreko Erreferentziako Tokitzat (“Reference Site”) jo da, hau, Europako Batzordeak ematen duen puntuaziorik altuena da, EIP on AHA ekimenaren helburu estrategikoekin bat datozen berrikuntza-jardunen garapenaren, ezarpenaren eta eskalatzearen bikaintasuna goraipatzeko. Errekonozimendu honen arrazoietako bat da ere zahartze aktibo eta osasuntsuaren planteamendu integralarekin hartutako konpromisoa eta jardunbide guztien erdigunean pertsona kokatzen duten politika berriak abian jarri izana.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Kronikguneren, Osakidetzaren eta bestelako organo eta erakundeen bitartez, EIP on AHA Europako Elkartearen kide da 2012az geroztik. Elkarte hau bi ardatz nagusiren inguruan antolatzen da: alde batetik, bost Ekintza Taldeak, araudiaren errespetua, erorketen prebentzioa, galera funtzionala eta hauskortasuna, bizitza independenterako irtenbideak eta zahartzeko ingurune aproposen gaiak jorratzen dituztenak, eta, bestetik, Erreferentziako Tokiak. Esparru honetan, Euskadik modu aktiboan parte hartzen du Ekintza Talde guztietan.

Gainera, Euskadik Europako Batzordearen oniritzia jaso duten 28 konpromiso (“Committments”) hartu ditu guztira, horietako 21 Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarenak. Konpromiso hauek azken urteotan euskal ekosisteman garatu diren proiektuak eta ekimenak dira. Guztiak daude zahartze aktibo eta osasuntsurako irtenbide berritzaileen garapenarekin, sustapenarekin edo ezarpenarekin lotuta eta honako esparruen barne daude: 2013-2020 Osasun Plana, 2015-2020 Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia, Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak eta Agenda Digitala, besteak beste. Halaber, EIP on AHA ekimeneko Ekintza Planen eta Plan Estrategikoaren barne daude ere.

EIP on AHA Kideen 6. Konferentzia “Zahartze aktibo eta osasuntsurako arretaren eta osasunaren eraldaketa digitala Europan” lemapean burutuko da. Topaguneak EIP on AHA ekimenaren estrategiaren esparruko Ekintza Taldeek definitutako ekintza-planen berrikusketari emango dio lehentasuna. Bertan, kideek ezarritako planak eta konpromisoak Europako Batzordearen politikekin aztertuko dira, eta, zehazki, “osasunaren eraldaketarekin” eta “Merkatu Digital Bakarreko laguntzarekin” (“Digital Single Market” ingelesez) bat datozen ala ez.

Ekitaldian zehar, Esteban de Manuel Keenoyk, Kronikguneko Zuzendariak, aurkeztuko ditu Euskadin, adineko pertsonen eta gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen arretarako abian jarri diren Arreta Integratuko zerbitzuak, CareWell proiektu europarra adibide gisa erabilita. Proiektu hauek Osasun Sailaren 2017-2020 Ildo Estrategikoen eta Osakidetzaren 2017-2020 Ildo Estrategikoen barne daude eta kronikotasunean, zahartzaroan eta mendekotasunean jartzen dute arreta.

Egun hauetan Bruselan gertatuko den guztiaren berri izan nahi baduzu, sakatu ondorengo esteketan:

https://ec.europa.eu/eip/ageing/events/save-date-conference-partners-european-innovation-partnership-active-and-healthy-ageing_en

https://ec.europa.eu/eip/ageing/reference-sites_en

https://integratedcarefoundation.org/events/regional-reference-site-workshop