Urriaren 24an izan da ekitaldia, EUREGHA – European Regional and Local Health Authorities erakundearen bulegoan, Bruselan.

Jardunaldiaren helburua izan da eskolen eta irakasleen laguntzarekin Europako haur eta gazteen gaitasun sozial eta emozionalak garatuta ongizatearen ekonomiaren alde nola egin eztabaidatzea. BOOSTek antolatu du ekitaldia, Horizon 2020 programak finantzatzen duen proiektuak (Horizon 2020 programak ere osasun mentalak Europako haur eta gazteengan duen erresilientzia sustatzea du helburu). Hainbat adituk hartu dute parte, zeinek erresilientzia hobetu nahi baitute ikaskuntza sozial eta emozionalaren bidez, biztanle-talde horren osasun mentalari dagokionez. Ikaskuntza sozial eta emozionalaren prozesuan, adin guztietako pertsonek emozioak ulertzeko eta gidatzeko behar diren ezagutzak, jarrerak eta gaitasunak hartzen dituzte, eta eraginkortasunez aplikatzen. Halaber, ikaskuntza sozial eta emozionalak jomuga positiboak ezarri eta iritsi nahi ditu, besteekiko enpatia sentitu eta erakutsi, harreman positiboak finkatu eta haiei eutsi, eta erabaki arduratsuak hartu.

Aipatzekoa da Vladimir Garkovek hartu duela parte. Garkov Europako Batzordeko funtzionarioa da, eta argitu zuen lehen hezkuntza aldatu egin behar dela eta goiz hasi behar dela lantzen ikaskuntza sozial eta emozionala. Garkoven arabera, Europako Batzordea jada ari da neurriak hartzen estatu kideei jarraibideak emateko, beren gizarteen gaitasun sozial eta emozionalak gara ditzaten. BOOST proiektu europarraren koordinatzaileak ere esan du funtsezkoa dela ikaskuntza sozial eta emozionalean oinarritutako ikaskuntza ezartzea eta hura onuragarria dela ongizate orokorra handitzeko eta haurrak zoriontsu hazteko.

Kronikgunek, UPRIGHT proiektuaren ordezkari gisa, haurren hezkuntza eta ahalmena lantzearen eta «ongizatearen ekonomia» lortzearen garrantziari buruzko mahai-inguruan hartu du parte.

UPRIGHT europar proiektuak («Universal Preventive Resilience Intervention Globally implemented in schools to improve and promote mental Health for Teenagers») ongizate mentala sustatu nahi du, eta gaixotasun mentalak saihestu, 12-14 urteko nerabeen erresilientzia-ahalmena areagotuz. Horretarako, gazteen konfiantza pertsonala eta funtzio kognitiboa indartu nahi ditu, eta haiek lau gaitasunetan ahaldundu: aurre-egitea, eraginkortasuna, ikaskuntza sozial eta emozionala, eta «mindfulness». Proiektuaren esparruan, nerabeei, familiei, hezkuntzako profesionalei eta ikastetxeei zuzendutako esku-hartze holistiko eraginkorra eta unibertsala ezarri da Europako bost eskualdetan: Trento, Danimarka, Reykjavik ingurua, Silesia Beherea eta Euskadi. UPRIGHT eskuliburuaren bidez, lau osagai horiek eta haietako gaitasunak lantzen ari dira (eskuliburua osasun mentaleko adituek eta azken erabiltzaileek garatu eta diseinatu dute). Teknika kualitatibo eta kuantitatiboek UPRIGHT programa ebaluatzeko aukera emango dute, eta nerabeen ongizate mentala sustatzen laguntzen duten erresilientzia-faktore espezifikoei buruzko ebidentzia zientifikoa eskainiko.

Ekitaldian gertatu zenari buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzu, egin klik hemen: https://twitter.com/BOOST_MHealth/status/1187376664038301699

UPRIGHT proiektua hobeto ezagutu nahi baduzu, joan haren webgune ofizialera: www.uprightproject.eu edo jarrai iezaiozu: @Uprightproject1