Urriaren 1ean izan zen jardunaldia, Sevillako Cajasol fundazioan.

ADVANTAGE JA baterako ekintzak (ingelesez, Joint Action-JA) hauskortasuna prebenitzea du helburu. Proiektua Espainiak koordinatzen du (hain zuzen ere, Madrilgo Osasun Zerbitzuaren Getafeko Unibertsitate Ospitalea), eta 34 erakundek hartzen dute parte hartan. Proiektuan, Europako esparru komun bat ezarri da hauskortasunaren arazoari aurre egiteko, hura baita adinekoen desgaitasunarekin erlazionatutako arrisku-faktore nagusia.

Una estrategia para la promoción del envejecimiento saludable en Europa: combatiendo la fragilidad” (Europan zahartze osasungarria sustatzeko estrategia bat: hauskortasunari aurre eginez) izenburupean, Espainiako interes-taldeen hirugarren topaketa Andaluziako Juntako Osasuneko eta Familientzako Kontseilaritzak, Valentziako Erkidegoko Ospitale Klinikoko Ikerketarako Fundazioak, Valentziako Unibertsitateak, Gaztela-Mantxako Osasun Zerbitzuak eta Kronikgunek antolatu dute. Topaketa horretan, hauskortasunari buruz prestatu den txostena aurkeztu da, (“Informe sobre la atención a la fragilidad en España” (Espainiako hauskortasunari buruzko txostena)), eta hauskortasunari aurre egiteko ADVANTAGE JA ekintzan adostu diren azken gomendioak. Horrez gain, proiektuaren partzuergoak alderdi hauei buruz lortu dituen emaitzak partekatu dira:

  • Zahartze osasungarria sustatzea: komunitatean hasten den continuum bat.
  • Hauskortasuna goiz detektatzea, bizi-itxaropena desgaitasunik gabe handitzeko: osasun-sisteman eta gizarte-sisteman egin beharreko aldaketak.
  • Zahartzearekin erlazionatutako aurreiritziak eta adinagatiko diskriminazioa.
  • Adinekoek zahartzeari buruzko politika publikoen garapenean duten eginkizuna.
  • Bazkideek hauskortasuna lantzeko sektore anitzeko estrategietan duten zeregina.

Topaketa zahartzearekin erlazionatutako politika sanitario eta sozialen arduradun nazionalei, autonomikoei eta lokalei eta bestelako erakundeei zuzenduta egon da. Besteak beste, osasun-elkarte profesionaletako arduradunak izan dira bertan (medikuak, erizainak, gizarte-langileak, psikologoak, fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak, nutrizionistak, etab.), baita beste diziplina batzuetakoak ere; esaterako, adinekoei zuzendutako jarduerak eta programak eskaintzen dituzten erakundeak, adinekoen fundazioak eta elkarteak, zaintzaile formalak eta ez-formalak, eta zahartzearen lan-ildoarekin erlazionatutako ikerketa-taldeak.

Medidas actuales para promover la independencia y la autonomía (Independentzia eta autonomia sustatzeko gaur egungo neurriak) mahai-inguruan, Libe Amilibiak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuordeak, “Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia 2015-2020” aurkeztu du. Aurkezpenean, sailburuordeak Eusko Jaurlaritzaren zeharkako prebentzio-politikak azpimarratu ditu, zeinak aurrea hartzearekin eta prebenitzearekin erlazionatuta baitaude, hobeto zahartzeko eta zahartuz doazenen autonomia eta independentzia sustatzeko. Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak martxan jarritako ekintzetako batzuk aurkeztu dira; esaterako, Zahartze aktibo eta osasungarria izateko gida (Osasun Sailarekin batera egindakoa), Dementziekin  lagunkoiak diren etxebizitzak izateko gida, eta Establezimenduei zuzendutako lagunkoitasun gida. Merkataritza eta jatetxeak. Azpimarratu behar da bertaratuek interes handia agertu dutela telelaguntzako Betion euskal zerbitzuan, zeinak arreta pertsonalizatua eskaintzen baitu, eta adinekoen autonomia indartzen.

Iñaki Martín Lesendek ere hartu du parte jardunaldian. Lesende Osakidetzako profesionala da, eta Familiako Medikuntzako eta Medikuntza Komunitarioko Espainiako Elkartearen ordezkaria (semFYC) Osasun Ministerioko hauskortasunaren lantaldean. Aurkezpen hau eskaini du: “La promoción del envejecimiento saludable en Atención Primaria” (Lehen mailako arretan zahartze osasungarria sustatzea).

Bilerari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, deskargatu programa. Partekatuko diren txostenak kontsultatzeko, joan proiektuaren webgune ofizialera.