2018ko maiatzaren 23tik 25era bitartean, Holandako Utrecht hiria aukeratu zen Europako Arreta Integratuari buruzko Nazioarteko Biltzarrik entzutetsuena egiteko, hain zuzen ere, International Congress on Integrated Care (ICIC).

Urtero, biltzar horretan, munduko 50etik gora herrialdetako ikertzaileak, osasun-arloko profesionalak eta zuzendaritza-taldeak –arlo publikoan nahiz pribatuan osasun-zerbitzu integratuak eta gizarte-asistentziako zerbitzurik onenak ematen dituztenak– elkartu egiten dira. Izan ere, bilera horretan, profesionalok, hainbat ikuspegitatik, integrazioaren gaineko esperientziak, proiektuak eta ebidentziak jakinarazten dizkiote elkarri. Horien artean, hauek nabarmentzen dira: osasun publiko eta arreta soziosanitarioko berrikuntza eta konponbide integratuak, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berrien bidezko eSalud,  aldaketaren kudeaketa, ko-produkzioa edo pazienteak erabakiak hartzen parte hartzea, besteak beste.

“Pertsona eta herritarrentzako balioa: Arreta Integratuan inbertitzea” izan da aurtengo goiburua. Hortaz, gaikako ardatz hauei ekin zitzaien:  balioan oinarritutako Arreta Integratua; biztanleen osasunaren kudeaketa; pertsonen eta erkidegoen inplikazioa eta ahalduntzea; Arreta Integratuaren finantzaketa; biztanleria kalteberak eta arriskuan daudenak, eta, azkenik,  Lehen Mailako Arreta sistema integratu batean. Horiek horrela, hemezortzigarren biltzarrean, biztanleriaren gaineko ikuspegiak toki nagusia berreskuratu zuen, osasun-sistemek biztanleriari buruzko datuak ustiatzeko eta biztanleen gaurko eta geroko premien arabera zerbitzuak taxutzeko duten aukera dela bide.

Aztergai horiei dagokionez, aurten Kronikgunek eta Osakidetzak proiektu hauek aurkeztu zituzten, ahozko komunikazio, mahai-inguru, tailer edo posterrez baliatuta:

C3-Cloud proiektu europarrak, Horizon 2020ek finantzatuta, txosten hau aurkeztu zuen: “Erabaki klinikoak hartzen laguntzeko zerbitzuen bidez patologia anitzeko pazienteen beharrei ekiten dieten gida klinikoen bidez, pazienteei egokitutako zainketa-planak kudeatzea”. Proiektu hori, hortaz, patologia anitzeko pazienteentzat arreta pertsonalizatuko planak egitean datza; plan horiek plataforma digitalak dituzte lagungarri eta jakintza-alor anitzeko talde koordinatu batek kudeatzen ditu. Era berean, poster baten bidez, Euskadi buru den lana aurkeztu zen: hiru eskualde piloturen antolamendu- eta arreta-ereduak aztertu dira C3-Cloud konponbidearen inplementazioa prestatzeko.

Bestetik, Scirocco proiektuak tailer bat antolatu zuen, eta horretan Osakidetzak eta Kronikgunek parte hartu zuten. Aukera paregabea izan zen bertaratutakoei SCIROCCO tresnaren ahalmena azaltzeko: tresna horrek eskualdeen arteko lankidetza eta elkarri ezagutza jakinaraztea errazten ditu, Europan Arreta Integratua har dadila azkartzeko asmoz. Saio horretan, Europako hiru eskualde, hain zuzen ere, Suediako Norrbotten eskualdea, Italiako  Puglia  eskualdea eta Euskadi, ari izan ziren tresna hori erabiltzen zeinek duen esperientziaz.

Aldi berean, Euskadin ACT@Scale proiektu europarraren barruan egindako lana aurkezteaz arduratu zen Kronikgune. Ahozko komunikazioaren eskutik, patologia anitzeko pazientearen asistentzia-ibilbidean hobekuntzak (esaterako, pazienteen eta zaintzaileek ahalduntzearekin loturiko jarduerak sartu dira) inplementatzeko Euskadin eratutako jakintza-alor anitzeko taldeek egindako lana azaldu zen. Prozesu horretan, Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztiek, Gorlizko Ospitaleak, Santa Marina Ospitaleak eta Osakidetzako Osasun Aholkuak eta Zerbitzu Zentralek parte hartu dute.

Aipatu beharra dago Kronikgunek Europako Batzordeak antolatutako inplementazio-saioan  parte hartu duela. Saio horretan, gai hau izan zuten hizpide: Euskadik eta Eskoziak elkarri ezagutzak eta jardunbide egokiak jakinaraztea. Bertaratutakoei, 2017an, “EIP on AHA” esparruan egindako senidetze-esperientziak (arriskua estratifikatzeari eta pazienteak ahalduntzeari buruzko ezagutzak jakinarazi zizkioten elkarri) ezagutarazi zitzaizkien.

Osakidetzak, berriz,  esku-hartzaile den proiektuetako batzuk aurkeztu zituen, esate baterako, Arabako ESIn garatutako “Borondate aurreratuak” Jardunbide Egokia. Azterlan hori ahozko komunikazio honen bidez aurkeztu da: “Zainketa Partekatuen Plangintzari buruzko programa: Zainketen gaineko Plangintza Aurreratua erkidegoan integratzeko eredu berria”. Era berean, jardunbide egoki hauek ere aurkeztu ziren, ahozko komunikazioen eskutik: “Patologia anitzeko pazienteentzako jarraitutasun asistentzialeko unitate baten zerbitzuen erabileraren eta bizi-kalitatearen gaineko eragina”, “Kudeaketa-estrategia dimentsioaniztuna premia konplexuak dituzten pazienteentzat antolamendu-eredu integratua erabiliz” eta “Kalitatea hobetzeko ekimen baten eragina bronkitisa duten bularreko haurrengan tratamenduaren gehiegizko erabilera murriztuz”. Azkenik, Osakidetzaren beste proiektu batzuk poster moduan jarri ziren ikusgai: Bidasoako ESIren “Patologia anitzeko pazienteentzako jarraitutasun asistentzialeko unitate baten zerbitzuen erabileraren eta bizi-kalitatearen gaineko eragina” azterlana, eta, “Osasun-asistentzia minbizian integratzen. Gure esperientzia Donostialdeko ESIn”.

Azkenik, Bioefek “IEXPAC, pazientearen esperientzia ebaluatzeko tresna” eta “Euskadiko telelaguntza-zerbitzu publikoa” praktika aurkeztu zituen poster erakustekaren bidez.

Biltzarrean gertatu zenari buruz zerbait gehiago jakin nahi baldin baduzu, sakatu hemen: https://integratedcarefoundation.org/events/icic18-18th-international-conference-on-integrated-care-utrecht