Apirilaren 24an eta 25ean Amsterdam eta Almere hiriek, EHUren, Matia Fundazioaren eta Bidasoatik Mundura programaren ordezkarien bisita jaso zuten.  

Holandara egindako bisita Interreg Europe-ren TITTAN (Translation, Innovation & Technology Transfer in Ageing Network) proiektuan kokatu da. Proiektu horrek, bigarren urteurrena orain dela gutxi ospatu duenak, zahartze aktibo eta osasuntsua sustatzeko konponbide berritzaileen bidez osasun-sistemen kalitatea hobetzea du xede. Partzuergoaren partaide diren zazpi bazkideek eta horien agente interesdunek, nazioarteko hainbat tailerretan eta lekuan bertako bisitaldietan parte hartu dute, eskualde mailako Jardunbide Egokiak eta gomendioak partekatzearren.

Euskadiko ordezkariek bisita honen bidez Herritarren Aktibazioa izeneko hirugarren arloan aurkeztu diren Praktika Onak sakon ezagutu dituzte. Arlo horren barruan, teknologia berrien erabilerak bizi-kalitatea hobetzeko duen gaitasunaren gainean herritarrek dituzten kontzientzia eta ezagutza areagotzeko jardunbideak aurkeztu dira. Bazkide holandarrak, bere agente interesdunen bitartez, Senior Live Fundazioa (“Senior Live Foundation”), Amsterdam, hiri lagunkoia (“Age Friendly City”) ekimena eta Amsterdam, pisu osasungarri baten alde (“Amsterdam Healthy Weight”) programa aurkeztu zituen.

BIOEFek ere, Berrikuntza Ikerketa Osasuna Eusko Fundazioak, proiektu horren euskal bazkidea denak, parte hartu zuen bisitaldian.

Bisitaldiaren lehenengo egunean, Amsterdamgo Udalak “Amsterdam, hiri lagunkoia” proiektuaren eskutik burutzen ari den lana aurkeztu zuen. Adindunentzat inguru atseginak, irisgarriak eta pertsonen behar eta gaitasunetara egokituak, sortzea du helburu proiektuak. Euskadin, Euskadi Lagunkoia izeneko Jardunbide Egokia abiarazi da, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren sustatuta eta Matia Fundazioak kudeatuta. Gaur egun Euskadin, 54 udalerri lagunkoi atxikituta daude proiektu honi.

Bigarren egunean, Amsterdamgo Udalak sustatutako “Amsterdam, pisu osasungarriaren alde” izeneko programa aurkeztu zen. Osasun eta hezkuntza erakunde batzuek esku hartzen dute horretan, haurtzaroan eta nerabezaroan bizi ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz. “Bidasoatik Mundura” programaren koordinatzaileek, Irungo Eguzkitza eta Hirubide ikastetxeetako koordinatzaileek eta Irungo Berritzeguneko aholkulari batek sakon ezagutu zuten programa hau.

Azkenik, jarduera fisikoa egiteko ohitura adinduengan txertatzeko ikerketa-proiektu bat egiten ari diren EHUko ordezkariek, “Senior Live” ekimena ezagutzeko aukera izan zuten. Programa horrek, besteak beste, egungo teknologien bidez adinduen artean jarduera fisikoa sustatzea du helburu, eta, hortaz, teknologien gaineko prestakuntza ematen zaie.

TITTANen aurreikusitako hurrengo jarduerak zein diren jakin nahi baldin baduzu, sar zaitez bere web-orrian: http://www.interregeurope.eu/tittan/

 

TITTAN proiektuak bere finantziazioaren % 85 Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) eskutik lortu du, Interreg Europe Programaren bidez.