Suediako Lulea hiria aukeratu da partzuergoko bazkideak biltzeko.

Scirocco (“SCaling IntegRated Care in COntext”) izeneko proiektu europarrak helburu hau du: Europako eskualdeen artean Arreta Integratuaren Jardunbide Egokiak modu eskalatuan egin eta transferitzeko tresna balioztatu eta probatzea. Partzuergoko bederatzi bazkideek “Scirocco Tresna” delakoan ari dira lanean, sortu zenetik. Tresna horren bidez, eskualdeek Jardunbide Egokiak hartzeko duten heldutasuna dimentsio anitzetik ebaluatuko da. Gaur egun, proiektua azken fasean dago; 32 hilabete dira guztira, eta 23 bete dira jada.

Lulean izandako bileran, proiektuan esku hartzen duten eskualdeek, arreta integratua hartzeko heldutasun-autoebaluazio prozesuen ondoren –Scirocco tresnaren bidez egindakoak– lortutako emaitzak aurkeztu zituzten. Era berean, tresna orraztu, baliozkotu eta probatzeko emango diren urratsak zehaztu ziren. Azkenik, proiektuan jarritako helburuen aurrerapena berrikusi zen.

Kronikgunek eta Osakidetzak hartu zuten parte Euskadiren ordezkari gisa; lehenak, Jardunbide Egoki baten heldutasun-eskakizunen azterketaren buru gisa, eta, bigarrenak, eskualdeen artean Jardunbide Egokien gaineko ezagutzak hartu eta transferitzeko prozesuan esku hartzen duen eskualde gisa. Bileran, Kronikgunek Jardunbide Egokien heldutasun-eskakizunak aztertzeko erabili duen metodologiaren azterketa aurkeztu zuen. Era berean, Osakidetzaren (Arabako ESIa) Jardunbide Egoki baten bidez (“Minaren zeharkako abordatzea minaren unitate batetik”, ingelesez, “Integrated approach in painmanagement“) tresnaren bideragarritasuna ikusteko, “Scirocco tresna”ri egindako proba azaldu zuen.

Euskadik ezagutarazi zituen emaitzek interes handia piztu zuten partzuergoko bazkideen artean, eta, hortaz, Kronikgunek aztertu eta proposatutako metodologia beren Jardunbide Egokiak berriz ebaluatzeko erabiltzea erabaki zuten.

Halaber, proiektu horretan elkarlanean ari den Osakidetzako aditu-taldeak egindako balorazioa ere jakinarazi nahi izan zuen Kronikgunek. Tresnari buruz iritzi ona dute adituok, zeren eta horien ustez baliagarria baita heldutasuna ebaluatzerakoan agenteen negoziazioa eta adostasuna hobetzeko. Era berean, lortutako emaitzek Euskadiko egungo osasun-sistemaren egoera modu errealistan islatzen duela uste dute.

Azkenik, Scirocco proiektuak Europar Batasunak finantzatzen dituen beste proiektu eta ekimen batzuekin izan litzakeen lankidetzak aztertu ziren.

Proiektu horri buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo horren fitxara (https://www.kronikgune.org/scirocco/) edo webgune ofizialera (http://www.scirocco-project.eu/).