Osasun-arloko eta gizarte-zerbitzuetako profesional, osasun-kudeatzaile eta paziente ugari elkartu dira Paziente Kronikoaren Osasun Arretari buruzko X. Biltzar Nazionalean eta Paziente Aktiboari buruzko V. Biltzar Nazionalean.

“Kronikotasuna dugu bizikide” goiburudun biltzarra, Zaragozan izan dena, profesionalen eta pazienteen edota horien senideen ikuspegitik, lehen arretako kontsulten eta ospitaleen egunoroko lana ezagutarazteko antolatu da. Era berean, banakako planei buruz eta paziente kronikoengan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriak (IKTak) erabiltzeaz eztabaidatu da biltzarrean. Gaur egun, osasun-sistema asko, pazientearen osasun-, gizarte-, afektibitate- eta familia-alderdiak jasotzen dituzten eta pazienteak sisteman duen ibilbidea erakusten duten banan-banako zainketa-planak eskaintzen ari dira.

Halaber, kasu klinikoak eta ikerketa-proiektuak, mahai-inguruak eta tailer praktikoak aurkezteko tokia prestatu da Biltzarrean. Urtero egin ohi denez, aldi berean, Paziente Aktiboaren gaineko Biltzar Nazionala antolatu da, herritar, gizarte-zerbitzu eta osasun-profesionalentzat.

Kronikgune eta Osakidetza, hainbat proiektu europarren eskutik, Lehen Arretako, Ospitale Arretako, Osasun Mentaleko eta Gizarte Arloko eta ikerketa-zentroetako arlo publikoan nahiz pribatuan diharduten profesionalen urteroko topaketa horretan izan dira.

Posterrak aurkezteko prestatu den tokian, C3-Cloud, ACT@Scale eta Scirocco proiektu europarrak jarri dira ikusgai. Esaterako, C3-Cloud posterraren bidez, IKTez lagundurik gaixutasun anitzeko pazienteei egokitutako arreta-planak emateko egiten ari den lana ezagutarazi nahi izan da. Horiek horrela, Euskadin C3-Cloud arreta-eredua ezartzeko antolamendu-ereduan egin beharreko aldaketak identifikatzeko eta esku-hartzea abiarazteko burutu diren zereginak aurkeztu dira.

ACT@Scale proiektuaren posterrean, Euskadin gaixotasun anitzeko pazientearentzako asistentzia-ibilbide integratua eskalatzeko egin diren ekintzak erakutsi dira. Proiektu horren esparruaren barruan, 12 Erakunde Sanitario Integratuk (ESI), SIACek (Arreta eta Kronikotasun Bateratze Zerbitzua), Gorlizko Ospitaleko Zuzendaritza Nagusikoak, Santa Marina Ospitaleak eta Osakidetzako Osasun Aholkuak, paziente edota zaintzaileen asistentzia-ibilbide integratua eta ahalduntzea berriz zehaztu dituzte.

Azkenik, Scirocco proiektuaren posterraren eskutik, Scirocco ereduaren bidez euskal osasun sistemaren gainean egindako heldutasun-azterketa erakutsi da. Izan ere, proiektu europar horrek, Arreta Integratuko Jardunbide Egokiak eskalatzea eta arreta horiek Europako hainbat eskualdetara transferitzea erraztuko duen tresna eman nahi du. Euskadi eredu hori probatu eta balioztatzeko prozesuan ari da elkarlanean.

Biltzarreko hitzaldi eta jakinarazpen guztiak deskargatu nahi baldin badituzu, sakatu hemen: http://www.congresocronicos.org/