Urriaren 23tik 25era, AKEB – Asistentzia Kalitaterako euskal batzordeak antolatutako Biltzar Nazionala izan da Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian.

Aurtengo gaia «Osasun arloan balioa sortu: erronkak eta konpromisoak» izan da, eta hainbat arlotan dagoen lanerako grina ezagutarazi nahi izan da (laguntzaren kalitatea, hobetzeko prozesuak eta gaixoaren segurtasuna bermatzeko estrategiak), osasun-sistemak iraunkorrak, seguruak eta berritzaileak izan daitezen. Biltzarrak Laguntzaren Kalitateari buruzko Espainiako Elkarteko bazkideak, osasun-arloko profesionalak, enpresak, erakundeak eta herritarrak bildu ditu, osasun-sistemak hobetzeko aukerak eztabaidatzeko, proposatzeko eta sortzeko. Hiru egunekoa izan da programa, eta lau arlo tematikotan egon da egituratuta: Humanizazioa eta ahalduntzea; Osasun-sistemaren eraldatze digitala; Antolamendu-eredua: lantaldeak eta pertsonak, eta, azkenik, Osasun-sistemako eta gizarteko balioak neurtzea.

Komunikazioen defentsarako tartean, Kronikgunek gaixo kroniko konplexuentzako (gaixotasun anitzeko gaixoak) arreta integratuko ibilbidea nola ezarri eta ezagutarazi den aurkeztu ahal izan du. Ibilbide hori duela gutxi ezagutarazi eta ezarri da Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietan. Ibilbide berri honen helburua da gaixo horien arreta hobetzea, arreta-maila desberdinetako profesionalak koordinatuz, gaixoa eta zaintzailea ahaldunduz eta gaixoaren jarraipena etxean eginez. Ibilbideak profesional sanitarioen arteko koordinazioa errazten du, tratamendua hobeto betetzen laguntzen, norberaren zaintza eta kudeaketa sustatzen, eta gaixoa eta zaintzailea osasun-egoeraz hobeto jabearazten.

Aipatzekoa da Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietako, Gorliz Ospitaleko, Santa Marina Ospitaleko, eta Osakidetzako Osasun Aholkua eta Zuzendaritza Nagusiko kudeatzaile eta osasun-profesionalez osatutako diziplina anitzeko taldeek hartu dutela parte ibilbidea zehazten. Zer hobekuntza egin detektatzeko, etengabeko hobekuntzako zikloetan oinarritutako lankidetzarako metodologia erabili da (ingelesez, «PDSA–Plan, Do, Study, Act»). Gero eta gehiago erabiltzen dute prozedura hori osasun-sistemek, arreta-programa eta -ereduetan hobetu beharreko arloak detektatzen eta esperientziak eta ideiak trukatzen laguntzen baitie diziplina anitzeko taldeei, eta taldekideek etengabe ikastea sustatzen baitu.

Jardunaldiari buruzko informazio gehiago lortu nahi baduzu, egin klik hemen