2019ko azaroaren 7an egin da aurtengo jardunaldia, Bartzelonan, Kataluniako Osasunaren Kalitate eta Ebaluaziorako Agentzian (AQuAS).

«Gizartean eragina izango duen ikerketaren alde» izenburupean, ikerketa-lanak gure gizartean duen eragina eta hura hobetzen laguntzen duten tresnak izan ditu ardatz jardunaldiak. José María Quintana López medikuak, sarearen koordinatzaile zientifikoa eta Barrualde-Galdakaoko ESIko Ikerketa Unitateko burua denak, inauguratu du, eta partaideei ongietorria eman die. «Nork hobe dezake ikerketa-lanaren eragina, eta nola?» mahai-inguruan proiektuen emaitzak zabaldu eta ezagutarazteko beharrari buruz hitz egin da, baita proiektuen ondorioak errealitatera egokitutako konponbide bihurtzeko moduari buruz ere. Jardunaldiaren osagarri gisa, zenbait tailer izan dira. Tailer horietan, hainbat ikuspegitatik aztertu da eragin hori: PIPA tresna («Participatory Impact Pathway Approach»); proiektu europar baten eraginaren atala nola prestatu; ikerketa-lanaren eragina aztertzeko funtsezko eragileen mapaketa; eta, azkenik, eraginari buruzko esperientzien inguruko tailerra.

REDISSECen helburua da ikerketa- eta berrikuntza-arloetan bikaintasuna garatzea, politika, jardunbide eta antolatze-eredu onenen inguruko ebidentzia sendoak eskaintzeko. Horrela, Espainian gaixo kronikoei eskaintzen zaien osasun-arretaren emaitzak hobetzen lagundu nahi da.

Sarea hiru gai nagusiren inguruan aritzen da: kronikotasunaren kudeaketa, informazio gehiago eta hobea edukitzeko beharra eta Espainiako osasun-politika eta -zerbitzuetan ikerketa-gaitasuna areagotzeko obligazioa. 8 autonomia-erkidegotako 14 ikerketa-taldek eta 3 talde klinikok osatzen dute sarea. Hainbat erakundetako 150 ikertzailetik gora ditu: hainbat erietxetakoak, lehen mailako arretakoak, teknologien ebaluazioko agentzietakoak, eta autonomia-erkidegoetako osasun-sailetakoak, besteak beste.

Programa osoaren inguruko informazioa nahi baduzu, joan REDISSEC sarearen webgune ofizialera: https://www.redissec.com/es/noticias/vii-jornada-redissec-7-noviembre-2019.html