Azaroaren 6an eta 7an izan da bilera, Paduan (Italia).

YOUNG50 Europar Batasunaren Hirugarren Osasun Programak finantzatutako proiektu bat da. Italian ezarritako CARDIO50 prebentzioko jardunbide egokia Lituaniara, Errumaniara eta Luxenburgora zabaldu nahi du. 2019aren hasieran jarri zen martxan azterlana, eta sei bazkide ditu: Azienda ULSS 6 Euganea (Italia), Azienda ULSS 4 Veneto Orientale (Italia), Ministere de la Sante (Luxenburgo), Viestoji Istaiga Centro Poliklinika (Lituania), Asociata Aer pur Romania (Errumania) eta Kronikgune (Euskadi).

Hainbat azterlanen arabera, gaixotasun kardiobaskularrak Europar Batasuneko heriotza-kausa nagusietako bat dira, eta urtean 1,8 milioi heriotza baino gehiago eragiten dituzte, baita bizitza-urte potentzialen galera handia ere. Ebidentzia zientifikoak indartu egin du bizitzeko era osasungarriak izatearen garrantzia gaixotasun kardiobaskularren agerpena prebenitzeko edo atzeratzeko. CARDIO 50 50 urtetik gorako biztanleriaren artean arrisku kardiobaskularra detektatzeko programa bat da, eta, hari esker, hauek egiten dira:

1) Bizitzeko era desegoki bat duten pertsonak identifikatu, eta hipertentsioko, hipergluzemiako eta hiperkolesterolemiako kasu berriak detektatu;

2) Asistentzia-eredu integratu bat aktibatu, osasuntsu dauden pertsonengan arrisku-faktoreak aldatzen edo txikitzen laguntzeko eta osasuntsu ez dauden pertsonengan bizitzeko era aldatzera bultzatuko duten esku-hartzeak sustatzeko;

3)  Oro har biztanleek gaixotasun kardiobaskularren arriskuari buruz zer dakiten eta hura nola ikusten duten indartu.

YOUNG50 proiektuak programa hori bereganatu eta hobetu egingo du, Lituanian, Errumanian eta Luxenburgon ahalik eta etekin, iraunkortasun eta hedapen handiena lortzeko.

Bileran, Kronikgunek egoera aztertzeko eta ezarpenarekin erlazionatutako ekintza-planak zehazteko arduradun gisa gauzatu dituen ekintzak aurkeztu ditu. CARDIO50 proiektuko funtsezko zer arlo landu eta egokituko diren erakusteaz gain, proiektuaren barruan pilotu bakoitzak egin duen egoeraren azterketaz hitz egin du. Datozen hilabeteetan, Kronikgunek, Lituaniako, Errumaniako eta Luxenburgoko bazkideekin batera, YOUNG50 tokiko programa azalduko du pilotu bakoitzarekin batera. Proiektua ezartzeko gauzatuko dituzten ekintza-planak ere zehaztuko dituzte: helburu espezifikoak, jarduerak, baliabideak eta kontrolatu beharko dituzten alderdiak.

Ebaluazio-adierazleak definitzeko ere balio izan du bilerak. Azkenik, tokiko, eskualdeko eta nazioko interes-taldeak proiektuan gehiago inplikatzeko egin diren hedapen-jarduerak eztabaidatu dira.

Proiektuari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, joan webgune ofizialera: https://www.young50.eu/