2019ko azaroaren 20tik 23ra, Marseillan (Frantzia), European Public Health Association (EUPHA) elkartearen biltzarra izan da.

«Elkartasunerako eta osasun publikorako zubiak eraikitzen» izenburupean, Biltzarraren hamabigarren edizioak Europako osasun publikoko profesionalak eta zientzialariak erakarri ditu. Osasun publikoko profesionalak askotarikoak dira, eta gizarteko beste esparru batzuetako profesionalekin (elikadura, garraioa, gizarte-zerbitzuak, ingurumena, etab.) zubiak eraikitzea erronka bihurtzen da haientzat, baina baita ohiko jardunbide bat ere. Marseillako biltzarrari esker, komunikazio-bide berriak ezarri ahal izan dira hainbat eremutako profesionalen artean, eta gaur egun osasun-sistemek dituzten erronkei irtenbideak aurkitu ahal izan zaizkie.

Scirocco Exchange proiektuak, Kronikguneren laguntzarekin, bi tailer tematiko antolatu ditu. Proiektuaren helburua da arreta integratua txertatzea eta ezagutaraztea, ezagutzak modu pertsonalizatuan transferituta eta osasun-sistemetan hobekuntzak planifikatuta. Osasun-agintariak eta gizarte-eremukoak babestu nahi ditu prozesu horretan, arreta integratua ezartzeko ebidentzia eta tresnak eskura jarriz.

Lehenengo tailerrak («Arreta integratua ezartzeko gaitasunen garapena») tokiko heldutasun-maila eta gaitasuna aztertzea izan du helburu nagusi, Europako bi eskualdetan arreta integratua ezartzeko zer aukera dauden ikusteko: Eskozia eta Euskadi. Kronikgunek Euskadiren integrazio-eredua aurkeztu du, zeina erakunde sanitario integratuetan (ESI) oinarrituta baitago, eta haien integrazio funtzionala azaldu du, zeinak lehen mailako arretako eta ospitaleko arretako zainketen koordinazioa, ibilbide klinikoen diseinua, polifarmaziaren kudeaketa eta koordinazio soziosanitarioa baititu ardatz. Era berean, Euskadiren arreta integratuaren ikuspegia eta heldutasuna erakutsi ditu, hainbat esparrutako profesional sanitarioz osatutako diziplina anitzeko talde batek «Scirocco tresna» erabiliz egin duen autoebaluazio baten bidez. Nabarmentzekoa da bertaratuek interes handia erakutsi dutela tresnan, arreta integratua ezartzeari dagokionez beste sistema batzuk autoebaluatzeko oso baliagarria delako.

Beste tailerrean, «SCIROCCO: arreta integratua bizkortzeko tresna bat» izenekoan, Euskadik Eskoziarekin eta Suediarekin senidetzeko (ingelesez, «Twinning & Coaching») egin duen guztia erakutsi du Kronikgunek. Euskadi Eskozian izan zen hirugarren sektore soziala arreta integratua ematen nola txertatzen duten ikasteko, eta, hain zuzen ere, esperientzia hori izan du ardatz aurkezpenak.

Proiektua hobeto ezagutu nahi baduzu, sakatu esteka hau: https://www.sciroccoexchange.com/