Azaroaren 27an izan da ekitaldia, Bruselan.

Hiru urtez, ADVANTAGE JA Baterako Ekintza (ingelesezko Joint Action) lanean aritu da esparru europar komun bat ezartzeko eta, haren bidez, hauskortasunaren erronkari aurre egiteko, adinekoen desgaitasunarekin erlazionatutako faktore nagusietako bat baita. Elkar ulertzeko esparru komun bat eraikita, ikuspegia berritu nahi da hauskortasun-egoeran geratzeko arriskuan dauden adinekoak kudeatzeko. Adinekoek desgaitasunik ez izatea eta modu aktibo eta osasuntsuan zahartzea sustatu nahi du.

Amaierako hitzaldiak Europar Batasuneko 22 estatu kidetako 34 erakunde, gobernu eta gobernuz kanpoko erakunde baino gehiagotako ordezkariak bildu ditu. Madrilgo Osasun Zerbitzuaren Getafeko Unibertsitate Ospitaleak koordinatu du proiektua, eta, besteak beste, Kronikgunek hartu du parte.

Amaierako bileran, ADVANTAGE JA ekimenaren jarduerak eta emaitzak aurkeztu dira:

– Hauskortasunaren prebentzioaren Europan egoerari buruzko txostena. Hauskortasuna osasun publikoaren lehentasunetako bat dela nabarmentzen du txosten horrek, eta osasun-sistemek hauskortasuna prebenitzea eta maneiatzea planifikatzeko informazioa eskaintzen du.

– «Hauskortasunari heltzeko Planari» buruzko txostena, zeinak hiru ideia nagusi baititu ardatz: prebentzio-estrategiak, hauskortasunaren kudeaketa, eta haren baheketa eta diagnostikoa.

– Estatu kideek hauskortasunari buruz egin dituzten kanpainen aurkezpena. Kanpaina horietan, arduradun politikoek, osasun-arloko eta sektore sozialeko profesionalek eta herritarrek hartu dute parte.

– «Hauskortasuna aztertuz zahartze osasuntsua sustatzeko ibilbide-orria», zeinak hauskortasunaren ikuspegi homogeneoagoa sortzen laguntzeko estrategia komun nazionala eta europarra garatzen baitu.

– Amaierako txostena; bertan, emaitzak laburbiltzen dira, eta gomendio espezifikoak eskaintzen dira Europa mailan hauskortasunari aurre egiteko.

ADVANTAGE JA ekimenaren ondorioa izan da proiektuan lortutako ezagutza eta emaitzak ekintza zehatz bihurtzea dela Europar Batasuneko estatu kideen benetako erronka, hauskortasuna prebeni baitaiteke: «Hauskortasuna ez da zahartzearen alderdi saihestezin bat, eta, zenbat eta lehenago detektatu, lehenago egin ahal izango dugu zerbait hura saihesteko».

Proiektuari buruzko informazio gehiago lortzeko, joan webgune ofizialera. Bertan, proiektuaren harira egin diren txosten publiko guztiak aurkituko dituzu.