Lankidetza hori oso lagungarria izan da zahartze aktibo eta osasuntsuaren arloko konponbide berritzaileen inguruko ezagutza eskualdeen artean transferitzeko.

2019an, Zahartze Aktibo eta Osasuntsuaren Arloko Berrikuntzarako Europako Elkarteak (ingelesez, EIP on AHA) erreferentziako tokiReference Site») izendatu du Euskadi, lau izarrekin, eta «Bikaintasun-ziurtagiria» eman dio. Europako Batzordeak nabarmendu du Euskadik lan handia egin duela zahartze aktibo eta osasuntsuan lurralde-berrikuntza sustatzen, zahartuz doazen biztanleen bizi-kalitatea hobetzen, osasun-zerbitzuak eta gizarte-laguntzakoak hobetzen, eta lurraldeko hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzen.

2019an, Europako Batzordeak ere, EIP on AHA elkartearen bidez, erreferentziako toki izendatu diren eskualdeen arteko lankidetza (ingelesez, «twinning») babesteko deialdia kaleratu du. Kronikgunek, Euskadiren ordezkari gisa, Andaluziako eskualdearekin senidetzeko lortu ditu funtsak, hura ere erreferentziako tokia baita, lau izarrekin. Euskadik ezagutarazi ditu osasun-sistemaren eta sektore sozialaren arteko koordinazioa ahalbidetuko duten esperientzia eta konponbide berritzaileak.

Azaroaren 28an eta 29an, Andaluziako Juntako Osasun eta Familia Kontseilaritzaren eta Berdintasun, Gizarte Politika eta Kontziliazio Kontseilaritzaren ordezkaritza bat Bilbon izan da. Bisita horren helburua izan da Euskadiko koordinazio soziosanitarioa ezagutzea, eta, zehazki, garatutako tresnak eta jarduerak.

2017-2020 aldirako Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Lehentasun Estrategikoen bidez, Eusko Jaurlaritzak agerian jarri du zeinen garrantzitsua den gizarte- eta osasun-sistemen meso eta mikro mailetan jardutea. Ikuspegi orokorra erabiltzen da; modu koordinatuan jardun nahi da, eta ardatza pertsonen beharrizan soziosanitarioetan eta bizi-kalitatean jarrita. Gizarte- eta osasun-eremuen artean hizkuntza komun bat ezartzearen beharrak eta beharrizan soziosanitarioak batera baloratzeko aukerak InterRAI-CA tresna sortzea ekarri dute. Resident Assessment Instrument (Inter bertsioa), Contact Assessment dago siglen atzean (euskaraz, Egoiliarrak Ebaluatzeko Tresna (Inter bertsioa), Harremanen Ebaluazioa.

InterRAI CA tresnak beharrizan soziosanitarioak dituzten biztanle helduak bahetzen ditu; ebaluazio bati esker, pertsona baten egoera eta beharrizan soziosanitarioen diagnostikoa egiten da. Euskadiko koordinazio soziosanitarioen taldea buru dela, 2016an hasi zen zabaltzen tresna, diziplina anitzeko ikuspegiarekin, funtsean lehen mailako osasun-arretako eta gizarte-zerbitzuetako profesionalei zuzendua (nagusiki, medikuak, erizainak eta gizarte-langileak). Duela gutxi, Beti ON telelaguntzako zerbitzuan, osasun mentaleko hiru sareetan, iraupen ertain/luzeko ospitaleetan eta Osasun Kontseiluan ere ezarri da.

Tresnak, batetik, eremu soziosanitarioan diharduten profesionalen lana errazten du, pertsonaren diagnostiko komuna baitute eta, hari esker, baterako arreta-plana zehatz baitezakete. Bestetik, gizarte- eta osasun-sistema elkarrengana hurbiltzeko eta interakzioan aritzeko aukera ematen du, historia soziosanitario partekatuari begira.

Sakatu hemen eskualdeen arteko senidetzeari («Twinning») buruzko informazio gehiago nahi baduzu.