Madrilen egin da proiektuari hasiera emateko bilera, urriaren 23tik 25era.

Gatekeeper proiektuaren partzuergoa 13 estatu kidetako 43 bazkidek osatzen dute: enpresa teknologikoak, ikerketa-institutuak edo unibertsitateak, osasun-hornitzaileak eta berrikuntza teknologikoari buruzko Europako eta nazioarteko sareak. Kronikgunek, Osakidetzak eta Biocruces Bizkaiak ordezkatuko dute Euskadi. Horizon 2020 programak finantzatuko du azterlana; 42 hilabeteko iraupena izango du, eta guztira 21 milioiko aurrekontua.

Gatekeeper-en helburu nagusia da arauetan oinarritutako esparru ireki eta seguru bat eskaintzea agenteei, interakzioan aritu ahal izateko, eta konponbide digitalak sortzea esku-hartze pertsonalizatuak goiz detektatzeko eta garatzeko. Horrela, teknologia berrien ahalmen osoaz baliatu ahal izango da, bereziki Gauzen Internet izenekoarenaz («Intenet of Things – IoT»), zerbitzu soziosanitarioak hobetu ahal izateko, zeinen hartzaileak gero eta zahartuago baitaude.

Ekimenak ebidentziak eskaini nahi ditu laguntzaren kalitateari eta osasuneko emaitzei dagokienez, eta, horretarako, datuak masiboki erabili, Adimen Artifizialeko teknologiak, Big Data eta datuen analisia erabilita, gaixotasunak eta desgaitasunak goiz detektatzeko, sintomak ulertzeko, eta diagnostiko goiztiarra egiteko. Amaitzeko, etengabeko segimendu pertsonalizatua ahalbidetu nahi du. Aurreikuspenen arabera, Gatekeeper-ek bizimodu independente osasuntsuagoa izatea bermatuko die zahartuz doazenei. Eskala handian zabalduko denez, Europako zazpi eskualdetako 40.000 adineko inguru hartuko ditu barnean: Euskadi eta Aragoi (Espainia), Saxonia (Alemania), Grezia, Puglia (Italia), Milton Keynes (Erresuma Batua), Zipre eta Polonia.

Kronikgunek, Osakidetzarekin batera, bi erabilera-kasu pilotatuko ditu: (i) adinekoen bizitzeko era osasuntsuekin erlazionatutako esku-hartzea; eta (ii) gaixotasun anitzeko gaixo polimedikatuak aztertzea. Lehenengo kasuan, datu ugari aztertzeko teknikak ezarriko dira, arriskuaren estratifikazioa ikusteko eta diagnostiko goiztiarra egiteko, eta entrenamendu digitala eskainiko da (ingelesez, coaching). Bigarren kasuan, konponbide berritzaileak garatuko dira tratamendua betetzen duten gaixo polimedikatuen kopurua handitzeko eta medikazioaren ondorio kaltegarriak saihesten saiatzeko.

Europako Batzordeak proiektua finantzatzeak adierazten du berrikuntzaren alde egiten duela herritarrak pixkanaka zahartuz doazela ikusita osasun- eta gizarte-sistemak gainditu behar dituen erronkei aurre egin ahal izateko. Proiektuari buruzko informazio gehiago lortu nahi baduzu, joan hona: https://www.gatekeeper-project.eu/