Irailaren 18tik 20ra, Lituaniako Vilna hiria hautatu dute abian jartzeko Europar Batzordearen CHRODIS-PLUS Baterako Ekintza (“Joint Action”).

Europan gaixotasun kronikoak gorantz doaz, hau da, gero eta osasun baliabide gehiago kontsumitzen dituzte gaixotasun horiek dituzten gaixoek. Kalkulatu denez, gaixotasun kronikoek 115.000 milioi euroko gastua ekartzen diote Europar Batasunari, hau da, urteko BPGren % 0,8. CHRODIS-PLUS proiektu berriak gaixotasun kronikoen karga murrizten eta osasun sistemen jasangarritasuna eta erantzuna bermatzen lagundu nahi du, eta horretarako, CHRODIS Baterako Ekintzan identifikatutako politika eta translazio-ekimenak sustatuko ditu. Are zehatzago, Europako eskualderen batean edo inguruko beste eskualde batean eraginkorrak izan diren praktika onen transferentzia sustatuko du.

Proiektuaren xedea Europa mailan gaixotasun kronikoen prebentzioaren eta osasunaren sustapenaren inguruan dauden estrategia berritzaileen informazioa eman eta haiek inplementatzea da, hurrengoetan oinarrituta:

  1. Osasunaren eta arreta primarioaren sustapena gaixotasun kronikoen karga murrizteko.
  2. Gaixoen ahalduntzea.
  3. Funtzioen eta bizi-kalitatearen narriadura aztertzea gaixotasun kronikoen ondorio nagusi gisa.
  4. Osasun sistemen eta zahartzearen jasangarritasuna ikuspegi epidemiologikotik.

CHRODIS-PLUS Europako herrialde gehienek bultzatutako ekimena da. Kronikgune eta Osakidetza Europako 18 herrialde kideetako (Norvegia, Serbia eta Islandia ere barne) 42 erakundek eratzen duten partzuergoaren partaide dira. Vilnan egin den aurkezpen-bilera honetan bazkideak elkar ezagutu dute eta 2020ko abuztura arte, proiektua bukatuko denean, bakoitzak beteko duen funtzioa eta izango dituen erantzukizunak zehaztu dira.

16 politikak eta 22 proiektu pilotuk eratzen dute Baterako Ekintza honen muina. Nazio mailako 14 politika eta Europa mailako beste bi aztertuko dira gaixotasun kronikoei aurre egiteko osasun sistemak hobetzeko erabakiak hartzeko unean arduradunen kontzientziazioa areagotzeko xedearekin. Horrez gain, hurrengo gaiak landu dituzten proiektuak inplementatuko dira: osasunaren eta arreta primarioaren sustapena, gaixo kroniko konplexuentzako arreta integratuko ereduak, gaixo kronikoen arretaren kalitatea, ahalduntzea Informazio eta Komunikazioko Teknologia berrietan (IKT) oinarrituta, eta enplegua eta gaixotasun kronikoak.

Kronikgunek, eta baita Osakidetzak ere, funtsezko betekizun aktiboa izango du proiektuan, praktika berritzaile onak barneratzeko estrategia komuna diseinatzeaz arduratuko baita. Horretarako, esku-hartzeak errazteko, inplementatzen laguntzeko eta jasangarriak izateko hainbat metodo eta teknika erabiliko dira. Eta hainbat herrialdetako estratifikazioko estrategiak eta erremintak identifikatzen ere lagunduko dute.

Informazio gehiago behar baduzu, sar zaitez webgune ofizialean: www.chrodis.eu