Topaketa honen bitartez orain arte egin diren atazen jarraipena burutu da eta epe labur zein ertainean egingo diren ekintzak zehaztu dira.

Ekainaren 1 eta 2an, Parisen elkartu ziren C3-Cloud partzuergoaren kideak. Topaketari esker, lan-sortetan identifikatutako alderdi kritikoak partekatu dira eta irtenbide posibleak aztertu dira.

C3-Cloud, A Federated Collaborative Care & Cure Cloud Architecture for Addressing the Needs of Multi-morbidity and Managing Poly-pharmacy, proiektuaren xedea da gaixo kroniko konplexuei arreta jarraitua, pertsonalizatua, integratua, diziplina anitzekoa eta koordinatua emateko arkitektura teknologiko eta berritzailea garatzea. Azken xedea da informazio guztia biltzen duen ingurunea lortzea, jardueren arteko koordinazioa sustatzea eta gaixoen edota zaintzaileen zaintza eta arretaren inguruko erabakiak hartzea sustatzea. Hori guztia bi plataforma berritzaileren bitartez lortu nahi da: bata, arreta plan pertsonalizatuen garapenari eta haien kudeaketari zuzendua, zeina erabakiak hartzeko moduluetan oinarritzen den; bestea, aldiz, gaixoaren eta zaintzailearen ahalduntzean eta parte-hartze aktiboari zuzendutakoa.

48 hile iraungo dituen proiektuan Europako 12 kidek hartuko dute parte, besteak beste, Osakidetza eta Kronikgune, Euskadiren ordezkari gisa. Osakidetza, Kronikgunerekin batera, europar beste bi eskualdetan ere egingo den ikerketa pilotuaren kide arduradunetako bat da: Erresuma Batuko Warwickshire eta Suediako Jämtland Härjedalen eskualdeetan, non osasun zerbitzu eta azpiegitura desberdinak dituzten. Hamabost hilabetez burututako toki anitzeko ikerketa pilotuaren ebaluazioak aldaketaren kudeaketarako gida egiteko lagungarria izango da. Honen bidez, proiektuak proposatzen duen arreta-ikuspegi berria beste erakundeetan ezarri, sustatu eta bultzatu nahi da, edozein direla ere erakunde interesatuaren antolaketa eta teknologia ezaugarriak eta heldutasun maila.

Proiektuaren lehenengo fase honetan baldintza klinikoak eta teknikoak zehaztu dira, eta C3-Cloud arkitektura teknologikoa diseinatu da. Era berean, IKT osagaien garapenean ere (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) aurreratu da, eta baita elkarreragingarritasunarekin lotutako alderdien ebazpenean ere. Aipatu beharra dago Euskadi, eskualde pilotua izateaz gain, Osakidetzako Informatikako Zuzendariordetza partaide aktibo duen inplementazioaren diseinu-atazaren buruan diharduela lanean. Duela gutxi pilotuen egungo antolaketa-ereduak deskribatzen zuen txostena ere aurkeztu da. Hartan, arreta-eredu berrian bildu beharko liratekeen aldaketak identifikatu dira. Gainera, ikerketa pilotuan “kontzeptu-proba” gisa probatuko diren prototipoen proposamena egin da.

Hurrengo hileotan, parte hartzaileak barneratzearen irizpideak, haien barne-hartzeko prozesuak eta proiektuaren ikerketa-protokoloa zehaztea espero da.

Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, sakatu hemen: https://www.kronikgune.org/c3cloud