2019ko apirilaren 10ean eta 11n, Greziako Elkargo Amerikarraren Osasun Institutu Publikoan egin da topaketa.

Europar Batasunaren 2014-2020 aldirako Osasun Publikoko Programak ADVANTAGE Baterako Ekintza finantzatzen du. Azken fasean dago proiektua. Kronikgune eta Osakidetza, Euskadiren ordezkari gisa, Europako 22 estatu kidez osatutako partzuergo baten parte dira. Haien guztien helburu nagusia da Europarako esparru komun bat ezartzea hauskortasunaren erronkari aurre egin ahal izateko. Proiektuak alderdi hauek zehaztu eta sustatu nahi ditu: biztanleriaren zahartze aktiboari eta osasungarriari zuzendutako politika berrien integrazioa; hauskortasunaren, desgaitasunaren eta menpekotasunaren prebentzioa eta haiei aurre egiteko ekintza goiztiarra; eta hauskortasunaren definizio bateratua.

Espainiak, Italiak, Hungariak, Bulgariak, Poloniak, Portugalek, Ziprek, Maltak, Greziak eta Errumaniak hartu dute parte «Hegoaldeko estatu kideen ibilbide-orria» izeneko bilera honetan. Ekitaldian, estatu kide bakoitzak alderdi hauei buruz egindako analisia ezagutarazi da:

  • Oro har biztanleriaren hauskortasuna
  • Banakoen hauskortasuna
  • Hauskortasunaren kudeaketa
  • Ikerketa
  • Hauskortasuna, osasun publikoaren lehentasunetako bat
  • Hauskortasunaren inguruko hezkuntza

Antolatu diren mahai-inguruetan, herrialde bakoitzak ADVANTAGE Baterako Ekintzaren esparruan ezarritako lehentasunei heltzeko azken hilabeteetan egin dituen jarduerak aurkeztu ditu. Kronikgunek hauskortasunaren alderdi guztiei heltzeko jarduerak ezartzeko eta ezagutarazteko zehaztutako estrategia nazionalaren zati bat aurkeztu du. Andaluziak, Valentziak, Gaztela-Mantxak eta Euskadik garatu dute estrategia hori. Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioak ere hartu du parte hauskortasuna prebenitzeko ekintza-plan nazional bat garatzen; plan hori lurraldeetako osasun-sistema guztietara zabaldu nahi da.

Europako hegoaldeko estatu kideek abiarazitako eztabaidari esker, jarduerak monitorizatzeko lehentasunak eta adierazleak zehaztu ahal izan dira. Emaitza horiek eta Europako iparraldeko estatu kideen bileraren ondoren lortutakoek Europako ibilbide-orri eta protokolo komun bat garatzeko aukera emango dute.

Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, egin klik hemen: https://www.kronikgune.org/advantage-proyecto/; edo sartu proiektuaren webgune ofizialean: http://www.advantageja.eu/.