Apirilaren 1etik 3ra, arreta integratuari buruzko urteroko nazioarteko biltzarra izan da.

Osakidetzak, BIOEFek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute biltzarra, International Foundation for Integrated Care (IFIC) fundazioarekin batera, eta, aurten, «Kultura partekatu bat aldaketaren alde: pertsonetan oinarritutako zerbitzu integratuen ereduak ebaluatzen eta ezartzen» izan du izenburu gisa. Hemeretzigarren biltzar honetan, osasunean eta arreta integratuan espezializatuta dauden 60 herrialde baino gehiagoko 1.300 profesionaletik gora bildu dira.

ICIC19 San Sebastian-Basque Country baterako hausnarketa-foro bat bihurtu da, etorkizunean herrialde guztiek zenbait eremutan izango dituzten desafioei buruz; besteak beste, hauetan: pertsonengan oinarritutako arreta-ereduak, kultura partekatuen sorkuntza eta arreta soziosanitario integratuagoa. Ildo horretan, Euskadik urteak daramatza arreta sanitario integratuko eredu baten eta gizarte-zerbitzuekiko koordinazioaren alde egiten. Euskadik 13 Erakunde Sanitario Integratu (ESI) ditu, eta haietan pertsonaren inguruan egituratzen da jarduera asistentziala.

Biltzarrean, 350 proiektu eta lan baino gehiago aurkeztu dira, 125 tailer antolatu, eta 450 poster baino gehiago erakutsi. Halaber, Singapurreko ordezkari talde batek lehen eskutik ezagutu ahal izan ditu Euskal Osasun Sistemaren funtzionamendua, politika soziosanitarioak eta zahartze aktiboaren azterketa integrala, baita Euskadin garatutako gizarte-programa desberdinak ere.

Aztertutako gaiei dagokienez, Kronikgune, Osakidetzarekin batera, C3-Cloud, ACT@Scale, Scirocco eta Scirocco Exchange proiektu europarren bidez izan da biltzarrean.

C3-Cloud proiektua «Integrated Care in Europe» saioan aurkeztu da, gaixotasun anitzeko gaixoei arreta koordinatua emateko elementu gisa, erabaki klinikoak hartzen laguntzeko sistema integratu eta prebentibo baten bidez. Proiektu horren barruan, erabakiak hartzen laguntzeko moduluak garatu dira, zeinak 300 arauz baino gehiagoz osatuta baitaude.  Arau horiek prestatzeko, diabetesari, giltzurrun-gutxiegitasunari, depresioari eta bihotzeko gutxiegitasunari buruzko ebidentzian oinarritutako gida klinikoak elkartu dira.  Modulu horiek, gaixoen eta profesionalen interfaze esklusibo batekin konbinatuta, etengabeko esperientzia eskaintzen dute gaixoentzako arreta-prozesu osoan. Gainera, proiektuak oharpenak edo gomendioak egiten dizkie gaixoei eta haien zaintzaileei.

Halaber, C3-Cloud «Innovation Zone» izenekoan aurkeztutako 13 berrikuntzetako bat da. Hain zuzen ere, bi saio egin dira, bakoitza ordu batekoa, C3-Cloud sistema erakusteko. Osasun-profesionalen diziplina anitzeko talde batek eta gaixo edo zaintzaile ez-formalek egiten dituzten jarduerak etengabe nola koordinatzen diren erakutsi da;  besteak beste, era honetako jarduerak: gaixoarentzako plan pertsonalizatu bat sortzea erabakiak hartzen laguntzeko moduluez baliatuta; gaixoak bere plana ikusi ahal izatea; jarduerak gauzatzea eta plana eguneratzea.

Bestalde, ACT@Scale proiektuak azken biltzarra izan du. Jende asko izan da bertan, bai partzuergoko kideak, bai nazioarteko hainbat erakundetako profesionalak. Bertan, ikasteko prozesua Europako lurraldeen artean zabaltzeko metodologia kolaboratiboa erabiltzearekin erlazionatutako esperientzia aurkeztu eta partekatzeaz gain, ikerketak iraun duen hiru urteetan lortutako emaitzak eta ondorioak aurkeztu ere  egin dira. Aldi berean, Osakidetzak gaixotasun anitzeko gaixoentzako arreta integratuko ibilbidea hobetzeko proiektuaren esparruan egindako lana aurkeztu du. Programa korporatibo hori hobetzeko egindako urratsak partekatu ditu, baita hura Osakidetzaren erakunde guztietara zabaltzeko gauzatzen ari den prozesua azaldu ere.  Azkenik, poster baten bidez, Euskadik ACT@Scale proiektuaren harira zerbitzuak eta metodologiak hautatzeari dagokionez egin duen lana aurkeztu da.

Azkenik, SCIROCCO proiektuak tailer bat antolatu du, eta hartan Osakidetzak eta Kronikgunek hartu dute parte. Kide eskoziarrarekiko senidetze- eta coaching-prozesuaren ondoren («Twinning & coaching») Euskadik bizi izandako esperientzia azaltzeko aukera bat izan da. Izan ere, Euskadiko ordezkari talde bat Eskoziara joan zen, arreta integratua emateko prozesuan hirugarren sektorea nola txertatzen den ikusteko. «Joint workshop» tailerrean, Vigour eta SCIROCCO proiektuek hartu dute parte, eta, Euskadik twinning delakoetan izandako esperientzia azaltzeaz gain, SCIROCCO Exchange proiektu europar berria ezagutarazi ere egin da.

Biltzarrean gertatu zenari buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzu, egin klik hemen: https://integratedcarefoundation.org/events/icic19-19th-international-conference-on-integrated-care-san-sebastian-basque-country