Etorkizuneko Osasun Sistemak Eraldatzeko Europako Lankidetzak, Horizonte Europak kofinantzatuta, osasun- eta laguntza-sistemetarako trantsizioa bermatu nahi du, pertsonengan oinarritutako ikerketa eta berrikuntza jasangarriago, erresiliente eta kalitate handikoagoen bidez.

Europako osasun- eta laguntza-sistemek konponbide berritzaile, harmonizatu eta koordinatuak behar dituzten funtsezko erronka komunei egin behar diete aurre. Premisa horretatik abiatuta, Europako Batzordeak Osasun eta Laguntza Sistemak Eraldatzeko Europako Lankidetza sortu du (Transforming Health and Care Systems, THCS, ingelesezko siglak), eta aukera estrategiko paregabea da etorkizunean gure osasun- eta asistentzia-sistemak eraldatzeko.

THCS lankidetza Italiako Osasun Ministerioak koordinatzen du, eta 26 herrialdetako 64 kidek osatzen dute, gehienak ministerio nazionalek eta eskualdekoek, ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko erakundeek eta ikerketa-erakundeek ordezkatuta. Euskadin, Biosistemak Institutua (lehen Kronikgune) partzuergoaren parte da, Osasun Sailarekin eta Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioarekin (BIOEF) batera. Horizonte Europak EBko I+G+b esparru-programan kofinantzatzen du, 300 milioi eurotik gorako aurrekontua du eta zazpi urteko iraupena izango du. THCS diseinatuta dago I+G+Bren finantzaketa koordinatua bultzatzeko nazio- eta eskualde-mailan, bai eta gaitasunak garatzeko, sareak sortzeko, zabaltzeko eta funtsezko beste jarduera batzuk bultzatzeko ere, osasun- eta laguntza-sistemak eraldatzen laguntzeko.

Proiektuaren hasierako bilera, Italiako Osasun Ministerioak antolatua, Erroman (Italia) egin da 2023ko otsailaren 13an eta 14an. Bazkide guztiez gain, Europako Batzordeko Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko (DG RTD) eta Komunikazio, Eduki eta Teknologia Sareetako (DG CONNECT) ordezkariak eta sortu berri den Europako Agentzia Exekutibo Digital eta Sanitarioa (HaDEA) ere bertan izan dira. Parte-hartze horrek agerian uzten du ekimen honek Europa mailan duen garrantzi estrategikoa eta balio erantsi komunitarioa.

THCSren jarduera nagusia ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak finantzatzea da, lehentasun eta gai komunei buruzko nazioz gaindiko deialdi bateratuen bidez. Aldi berean, zientziaren eta politikaren arteko zubiak eraikitzeko eta herrialde parte-hartzaileetan gaitasunak garatzen eta aplikatzen laguntzeko jarduera-multzo bat ere sustatuko da. Osasun Saila, BIOEFen bidez, kalitate handiko osasun- eta laguntza-sistema jasangarri, eraginkor, erresiliente eta berritzaileenen trantsizioa sustatzen duten ikerketa-proiektuak finantzatuko dituen bazkideetako bat da. Bere jardueren artean aurreikusita dago, halaber, baterako deialdi translazionalaren idazkaritza teknikoa egitea eta proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egitea. Bestalde, Biosistemak Institutua (lehen Kronikgune) arduratuko da ezagutza eta tresnak emateaz metodologia- eta ebaluazio-esparrua definitzeko, eta ezagutza-zentroa sortzen parte hartuko du, Europako jardunbide onenen transferentzia bultzatzeko.

THCS lankidetza hobeto ezagutu nahi baduzu, bisitatu webgune ofiziala: www.thcspartnership.eu/

Jarraitu jarduera guztiak sare sozialetan: Twitter THCS_HEU eta linkedin.com/in/thcs/