Urtarrilaren 19an eta 20an burutu da ADVANTAGE baterako ekintza ekimenaren hasierako bilera: “Hauskortasuna kudeatzea. Adineko pertsonen desgaitasunik eza sustatzeko planteamendu zabala”.
Hauskortasuna prebenitzeko baterako ekintza honek 2014-2020 Europar Batasuneko Hirugarren Europar Osasun Programak lagundutako finantzaketa jaso du. ADVANTAGE ekimenak 3,5 milioi euroko aurrekontua du eta 3 urteko iraupena izango du, 2017ko urtarriletik aurrera. 22 Europar Batasuneko estatuk eta 40 erakundek baino gehiagok parte hartuko dute. Espainiak koordinatuko du ekimen hau, zehazki Madrileko Osasun Zerbitzuko Getafe Ospitaleak (EIP – AHA Erreferentzia Zentroa), Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren laguntzarekin.
ADVANTAGE ekimenak “Hauskortasuna prebenitzeko planteamenduaren” kontzeptua garatuko du osasunaren eta gizarte-zerbitzuen alorrean eta hauskortasunaren inguruko adostasuna lortzen saiatuko da Europar Batasuneko estatuek oinarri bezala erabil dezaten Europar Batasunean hauskortasun-egoeran edo -arriskuan dauden adinekoen baterako kudeaketarako.
Hauskortasuna eta bere kudeaketa osatzen duten alderdien egungo egoera islatuko du, bai banakoen ikuspuntutik nahiz biztanleriaren ikuspuntutik ere. Halaber, Europar Batasunean adinekoen hauskortasuna kudeatzeko programen garapenaren inguruko informazioa bilduko du eta, emaitza nagusi gisa, hauskortasuna bideratzeko Europako eredu bateratu bat proposatuko du hauskortasunaren, desgaitasunaren eta erikortasun anitzaren inguruko diagnostikoak, arreta-zerbitzuak eta hezkuntza hobetzeko estrategiak garatzeko xedearekin.
ADVANTAGE ekimenak desgaitasun- eta mendekotasun-maila murrizten lagunduko du eta geroz eta zama gehiago dakarten gaixotasun kronikoen ondoriozko osasun-zerbitzuen eskaria areagotzea ekidingo du. Horrez gain, arreta-zerbitzuen esparruan adinekoen beharrei ematen zaien erantzunaren eraginkortasuna areagotuko du, genero-ikuspuntua kontuan hartuz, arreta-zerbitzuen plangintza eta koordinazio hobe bati esker, antolamenduaren planteamendu berritzaileei esker eta profesionalen eta arreta-zerbitzu informalen arteko lankidetza hobetuari esker, autokudeaketarako laguntzak barne hartuta.
ADVANTAGE-en hasierako bilerarekin batera abian jarri den lana bereziki garrantzitsua da Europan momentu honetan, izan ere, aldaketa demografikoa eta horren ondoriozko gaixotasun kronikoekin, hauskortasunarekin, desgaitasunekin eta adinekoen beharrekin lotutako gizarte- eta osasun-zerbitzuen eskariaren areagotzea jorratuko ditu, Europar Batasunaren eta bere estatuen lehentasun nagusietako bat alegia.
Ekimen hau Zahartze Aktibo eta Osasuntsuaren arloko Berrikuntzarako Europako Elkarteak (EIP-AHA) burututako aurreko lanean oinarrituko da, batik bat A3 ekintza-taldeak hauskortasuna prebenitzeko abian jarritako lanarekin, proiektuekin eta jardunbide egokiekin jarraituz eta Europako Batzordeak 2012an Europar Batasuneko aldaketa demografikoei erantzuteko sortutako Erreferentzia Zentroekin lankidetzan.