Egun Europak duen erronka serio eta handienetako bat zahartze demografikoa da. Zaharrek gero eta arrisku handiagoa dute hauskorrago bihurtzeko, eta baita zahartzeari lotutako desgaitasunen bat garatzeko ere, eta horrek eragina du haien bizi-kalitatean. Ildo horretatik sortu da, hain zuzen ere, ADVANTAGE JA (JA ingelesezko Joint Action-en siglengatik) Baterako Ekintza, zeinak EB 2014-2020 Hirugarren Osasun Programak ko-finantzazioa jasoko duen. Espainiak koordinatutako proiektu honetan, are zehatzago Getafeko Unibertsitate Ospitaleak, 22 Estatu Kideren 33 erakundek hartzen dute parte, besteak beste Kronikgune eta Osakidetza euskal ordezkariek.

Ekainaren 19an, ADVANTAGE JA-ren espainiar bazkideen bigarren bilkura egin zen Valentzian. Osasun- eta gizarte- politika arduradun ugari elkartu ditu, naziokoak, erkidegokoak eta tokikoak, eta baita medikuen zein erizainen elkargo profesionalekoak, gizarte lanekoak; pertsona adinduen erakundeetako, fundazioetako eta elkarteetako ordezkariak, zaintzaile formalak eta informalak, eta baita gaixoen elkarteak ere. Gerturatu diren guztiei urte eta erdiko lanaren ondoren proiektuko bazkide guztien artean egindako hurrengo bi txostenak aurkeztea zen helburua:

  • Hauskortasunaren egungo egoerari buruzko txostena. Froga zientifikoetan oinarrituta, laneko kontzeptu-esparru komuna zehazteko balio izan du, etorkizuneko hauskortasuna prebenitu eta maneiatzeko politika sozio-sanitarioen inguruko gomendioen oinarri izateko helburuarekin.
  • Espainian hauskortasunaren arretari buruzko txostena. JA-n parte hartu duten Autonomia Erkidegoetako osasun arloko arduradunek erantzundako galdekizunean oinarrituta, abian diren programen eta jardueren irudia eskaintzen du, eta hobe daitezkeen alderdiak biltzen ditu.

Halaber, topaketa hauskortasunarekin lotutako hainbat arlo eta gizartean eragina duen egoera horri aurre egiteko modurik egokiena aztertu eta haien inguruan eztabaidatzeko balio izan du: zer da hauskortasuna?, zergatik diogu osasun publikoko arazo bat dela?, nola prebenitu eta tratatu daiteke?, nola egokitu beharko lirateke osasun arreta sistemak gaixo hauskorrak artatzeko?

Osakidetzak hartu du parte mahai-inguru horietan, Euskadiren ordezkari gisa. Horietako batean, Euskal Osasun Sistemak Arreta Primarioan hauskortasuna detektatu eta hari arreta emateko duen esperientzia azaldu du. Bestean, aldiz, osasun sistemak hauskortasunaren erronkari aurre egiteko prest dauden ala ez aztertu eta bere ikuspegia azaldu du.

Proiektu horren barruan, duela gutxi hauskortasunaren definizioari buruzko artikulu zientifiko bat argitaratu da, eta bertan hartu du parte Kronikgunek. Hurrengo esteka sakatu artikulua ikusteko: https://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0953620518301778

Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, sakatu hemen: https://www.kronikgune.org/advantage-proyecto/ edota bisitatu proiektuko webgune ofiziala, klikatuaz ondorengo estekan: http://www.advantageja.eu/