Ekainaren 6an eta 7an, Italiako eta Lituaniako bazkideek Dublinen ezarritako “Eskola aktiboa” programa sakonki ezagutzeko aukera izan dute.

CHRODIS-PLUS Baterako Ekintzak (“Joint Action”), guztira, Europako 20 herrialdetako 42 onuradun ditu eta bere helburua kide diren estatuei gaixotasun kronikoek duten zama murrizten laguntzea eta Europako osasun sistemen jasangarritasuna eta erantzuna bermatzea da. Horrela, lau urtetan zehar, nazio mailako 14 politika eta Europa mailako beste bi aztertuko dira eta 22 esku-hartze berritzaile inplementatuko dira, zeinak CHRODIS Europako proiektuan abiarazitako hainbat politika, estrategia eta esperientziatan oinarrituta dauden.

Dublinen egindako “in situ bisita” esku-hartzeak oinarritzen diren pilaretako baten barruan kokatzen da: “Osasunaren eta arreta primarioaren sustapena gaixotasun kronikoen karga murrizteko.” “Eskola aktiboa” programa (http://activeschoolflag.ie/) CHRODIS Baterako Ekintzan identifikatutako translazio-ekimenetako bat da eta proiektuan parte hartzen duten eskualde batzuek programa hau inplementatu nahi dute. Hurrengo hilabetetan beste eskualde batzuetara bisitak antolatuko dira beste esku-hartze batzuk hobeto ezagutu ahal izateko.

Irlandako Osasun Publikoko Institutuko ordezkariek antolatu dute bisita, Dublinen “Eskola aktiboa” programaren inplementazioaren arduradunak baitira. Lehenengo eguna Italiako eta Lituaniako eskualdeek programa garatu den testuingurua hobeto ulertzeko balio izan du. Aldi berean, jarduera fisikoari dagokionez umeek ohitura hobeak izaten lagundu duten oinarrizko elementuak zeintzuk izan diren jakin dute.

Programa barruan dauden ikastetxeek egun honetan parte hartu dute baita ere, izan ere, programan parte hartu eta gero izandako esperientzia eta ezagutza partekatu dute.

Bigarren egunean, parte hartzen duten zenbait eskoletara “in situ” bisita antolatu da programaren funtzionamendua zuzenean ikusteko.

Kronikgunek eta Osakidetzak Euskadi ordezkatzen dute CHRODIS-PLUSen. Azken hilabetetan, bi erakunde hauek baterako estrategia batean lan egin dute Baterako Ekintzaren esku-hartzeak inplementatzeko. Horretarako, eskualde pilotuetan esku-hartzeen adopzioa, inplementazioa eta iraunkortasuna erraztuko duten metodoak eta teknikak biltzen dituen gida bat prestatu da.

Kronikguneren Dublineko parte hartzeari esker, bertaratutakoek bisitan jasotako informazioa haien akzio-planen definizioan eta haien eskualdetan esku-hartzea inplementatzeko aurretiko fasean nola aplikatu dezaketen ikusi izan dute.

Informazio gehiago behar baduzu, sar zaitez webgune ofizialean: www.chrodis.eu edo sakatu hurrengo esteka: https://www.kronikgune.org/chrodis-plus-joint-action-kronikgune-basque-country/