Apirilaren 29an eta 30ean, Osakidetza eta Kronikgune Glasgowko Strathclyde Unibertsitatean izan dira BIOEF fundazioarekin batera.  

Bisita hori Interreg Europe fundazioaren TITTAN (Translation, Innovation & Technology Transfer in Ageing Network) proiektuaren 2019-2020 ekintza-planeko jardueretako bat da. TITTANek bi helburu ditu: batetik, osasun-sistemen kalitatea hobetzea, irtenbide berritzaileak garatuta; eta, bestetik, biztanleriaren zahartze aktiboa eta osasuntsua sustatzea. Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Euskal Fundazioa (BIOEF) Europako partzuergoko kidea da, beste sei kiderekin batera. Kronikgune eta Osakidetza haren interes-taldekoak dira.

Proiektuaren lehenengo fasean, parte hartu duten eskualdeetako ezagutza eta esperientziak trukatu dira (jardunbide egokiak, ekimenak, tresnak eta zerbitzuak). 2018. urtearen amaieran proiektuaren bigarren fasea hasi zen, eta, fase horretan, eskualde bakoitzeko 2019-2020 aldirako ekintza-plana gauzatzea izan da ardatz.

Bigarren fase horren barruan, Euskadik irtenbide berritzaile bat garatu nahi du herritarrak ahalduntzeko. Aipatzekoa da gaur egun Osakidetzak hainbat tresna eta programa hezitzaile dituela gaixoak eta zaintzaileak ahalduntzeko. Horren adibide ditugu Osasun Eskola edo Paziente Bizia, zeinek informazioa, nork bere burua zaintzeko baliabideak eta bizimodu osasuntsuagoa izateko aldaketak eskaintzen baitituzte.

Eskoziara egindako bisitari esker, sakon ezagutu da Living it up tresna, 2016an Eskoziako gobernuak ezarritakoa. Gaixotasun kronikoren bat duten 55 urtetik gorakoei zuzenduta dago plataforma, eta bi ardatz nagusi izan ditu: batetik, jendea gaitzea bere osasuna eta ongizatea zaintzeko; eta, bestetik, pertsona horiek beren komunitateekin eta arreta ematen dietenekin harremanetan egotea.

Eskoziaren esperientzia ezagututa, Euskadik hobeto zehaztu ahal izango du zein izango diren hurrengo urratsak gaixoak eta herritarrak ahalduntzeko estrategia eta irtenbide berritzaileak martxan jartzeari dagokionez.

TITTANen aurreikusitako hurrengo jarduerak zein diren jakin nahi baldin baduzu, sar zaitez haren web-orrian: http://www.interregeurope.eu/tittan/

 

 

The TITTAN project has been co-funded (85%) by the European Regional Development Fund (ERDF) through the Interreg Europe Programme.