Maiatzaren 14an eta 15ean, Budapesten, egin da batzar nagusia. 

CHRODIS-PLUS Baterako Ekintzak («Joint Action») 20 hilabete baino gehiago daramatza martxan, eta gaixotasun kronikoek dakarten kargari aurre egitea eta Europako osasun-sistemen jasangarritasuna eta erantzuna bermatzea du helburu nagusi gisa. 20 herrialdetako 42 onuradun daude ekimenean, eta, orain, halaber, Norvegia, Serbia eta Islandia. Kronikgune eta Osakidetza dira Euskadiren ordezkariak Baterako Ekintza honetan.

Proiektuak iraungo dituen 42 hilabeteetan, irtenbide berritzaileak ezarriko dira, eta CHRODIS-PLUS Baterako Ekintzan eraginkorrak izan diren jardunbide egokiak Europako beste lurralde batzuetara transferitzea bultzatuko da. 16 politikak eta 22 proiektu pilotuk eratzen dute Baterako Ekintza honen muina. Politika horiek aztertuta, gaixotasun kronikoei aurre egin ahal izateko osasun-sistemak hobetzeko erabakiak hartzean arduradunak kontzienteagoak izatea nahi da.

Batzar nagusia proiektuaren ekitaldi nagusietako bat izan da. 26 herrialdetatik etorri diren gaixotasun kronikoetan 180 adituk baino gehiagok ekimenaren lehenengo 20 hilabeteetan proiektuaren bazkideek bizi izan dituzten benetako esperientziak eztabaidatu eta aztertu dituzte. Aurkezpen eta mahai-inguruen bidez, proiektuaren interes-arlo nagusietan egindako jarduerak aztertu dira: osasunaren sustapena eta lehen mailako prebentzioa; gaixo kroniko konplexuen arretarako eredu integratua; gaixotasun kronikoak dituztenentzako kalitateko arretaren sustapena; gaixoen ahalduntzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarrituta; eta enplegua eta gaixotasun kronikoak.

Kronikgune arduratu da CHRODIS-PLUS Baterako Ekintzako esku-hartzeak ezartzeko estrategia komuna diseinatzeaz. Prestatu den gidak lurralde pilotuetan esku-hartzeak barneratzeko, ezartzeko eta mantentzeko metodoak eta teknikak biltzen ditu. Trevison aurkeztu zen gida, tailer batean, eta Partzuergoko 70 bazkidek baino gehiagok hartu zuten parte. Tailerraz gain, zenbait web-mintegi (webinar) egin dira bazkideekin. Gida hau bi modulutan banatuta dago. Lehenengoan, ezarri aurreko fasean egin beharreko jarduerak biltzen dira, eta bigarrenean, berriz, ezarpen-fasean eta ezarri ondorengo fasean bete beharreko ildoak. Budapesteko ekitaldi honi esker, bi erakundeek ezarpen-estrategia garatzeko egin duten lan guztia aurkeztu da. Kronikguneko zuzendari a, Esteban de Manuel Keenoyk, batzarrean egindako aurkezpena:

Proiektuari buruzko informazio gehiago behar baduzu, sartu haren webgune ofizialean (www.chrodis.eu) edo sakatu esteka hau:  https://www.kronikgune.org/chrodis-plus-joint-action-kronikgune-basque-country/