Urriaren 9an, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko areto nagusian izan zen “ACT@Scale europar proiektuaren barruan, Osakidetzan Gaixotasun Anitzeko Gaixoei laguntzeko ikuspegia”-ri buruzko jardunaldia.

Act@Scale proiektu europarraren xedea arreta integratuko eta telemonitorizazioko Jardunbide Egokiak (JE) barneratzea, garatzea eta sendotzea da, hedapena sustatzeko eta ikasitakoa eta ezagutza Europako beste eskualde batzuetara transferitzeko. Kronikgunek eta Osakidetzak bi Jardunbide Egoki aurkezten dituzte: bihotzeko gutxiegitasuna duten gaixoen telemonitorizazioa eta gaixotasun anitzeko gaixoentzako (GAG) interbentzioko programa bateratua edo GAG arreta-bidea.

Jardunaldiaren helburua Osakidetzako profesionalei eta kudeatzaileei GAG arreta-bideko berrikuntzak aurkeztea zen. Horrez gain, Osakidetzako Erakundeetan pixkanaka nola barneratu landu zen.

Gaixotasun anitzeko gaixoen arreta-bidea zehazteko hurrengo alderdiak hartu dira kontuan: lortu nahi diren helburuak, zein gaixori dauden zuzenduta, jardueren segida, zein profesionalek hartu beharko duten parte, eta haren koordinazioa eta ebaluazioa. Gaixoak ahalduntzeko prozesua ere sartzen da. Horretarako, Kronikon programa erabiltzen da. Bidea Osabideren Programen Kudeatzaile Integralean (PKI) oinarritzen da.

ACT@SCALE proiektuaren GAG arreta-bideko lana 2016an hasi zen Osakidetzaren zerbitzura jarduten duten erakunde guztiek esku hartu duten metodologia baten bitartez.

Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, sakatu hemen (https://www.kronikgune.org/actscale/) edo sartu webgune ofizialean (www.act-at-scale.eu).