Gaitz anitzeko pazienteentzako arreta integratuko eredua, kronikotasuna ikertzen duen Kronikgune zentroak Europa mailan zuzendu duen Carewell proiektuaren barruan taxutu da.

2018ko urtarrilaren 18an, “Go Health Awards” sariak antolatu dira lehen aldiz, ICON Group-ek, San Pablo CEU Unibertsitateak eta PM Farma-k sustatuta. Ekitaldia Madrilgo Montepríncipeko San Pablo CEU Unibertsitateko instalazioan egin zen, eta horretara osasun-sektoreko pertsona gailenak, profesionalak, zuzendaritza-taldeak eta ikertzaileak –arlo pribatukoak nahiz publikokoak– bertaratu ziren. Estatuan antolatu den zeharkako ekitaldi horretan, osasun-zerbitzuak eta pazienteen edota azken erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenen berrikuntza nahiz talentua aintzat hartu eta saritu ziren. Pazienteen eta, hortaz, gizartearen bizimoduan aldaketa handia sustatzen duten 457 proiektu, ekimen eta produktu aurkeztu ziren guztira.

Tolosaldea ESIko zuzendari kudeatzaile eta Carewell proiektu europarraren ikertzaile nagusi Marisa Merino doktoreak jaso zuen Osakidetzari, osasun-zerbitzu publiko gisa, arreta-ereduetan berritzeagatik eman zitzaion sari berezia. Eusko Jaurlaritzako Euskal Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ildo estrategikoen barruan egon da proiektu hori, haren lehentasunak kronikotasuna, zahartzaroa eta mendekotasuna izanda. Horiek horrela, euskal osasun-sistemak urteak daramatza etengabe eta pixkanaka aldatzen, herritarrei arreta eta bizi-kalitate hobea emateko eta sistema jasangarriagoa izan dadin.

Paziente kroniko konplexuentzako Esku-hartze Integratuko Planak (EIP) oinarri hartuta, Carewellen zehaztutako arreta integratuko eredu berria landu da. Eredu berriaren diseinuan –36 hilabetez landu dena– Euskadiko 180tik gora profesionalek parte hartu dute. Eredua konponbide berritzaileetan eta informazioren eta komunikazioaren teknologietan (IKTak) oinarritzen da eta osasun-profesionalen arteko koordinazioa optimizatzea, pazientearen jarraipen proaktiboa sustatzea eta pazientearen eta bere zaintzailearen ahalduntzea bultzatzea ditu oinarri. Helburua da asistentziaren kalitatea eta paziente eta profesionalen gogobetetasuna hobetzea eta baliabideen erabilera optimizatzea.

Ildo horri jarraiki, Carewell proiektuan taxututako esku-hartzeari esker, gaitz anitzeko pazienteari arreta emateko ibilbidea garatu ahal izan da, IKT zerbitzukin erraztua. Era berean,  paziente eta beren zaintzaileen ahalduntze-programa, Kronik-ON izenekoa (https://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-chpapp00/es/) sortu da. Ebaluazioaren bidez lortutako emaitzek baieztatu dituzte herritarrentzat lortu diren onurak eta horren jasangarritasuna. Horrela, 2018-2021 denboraldirako, Carewellen jarduera nagusiak Osakidetzako Osasun Arretako 13 Erakunde Integratuetan pixkanaka hedatzea espero da.

Gaur arte, Carewellek hainbat sari eta aintzatespen lortu ditu, estatuan nahiz nazioartean; izan ere, Europako Batzordeak erreferentetzat hartu eta Europako beste eskualde batzuetara eraman daitekeela onartu du.

Zorionak, Carewell proiektuak aintzatespenak jasotzen jarrai dezan lagundu duzuen guztioi.

Proiektu horri buruzko informazio guztia, esteka honetan dago eskuragarri: http://www.gohealthawards.com/