
2016an, Kronikgunek, Euskadiren ordezkaria, lau proiektu lortu zituen, horietatik hiru arriskuen estratifikazioan erreferentziako eskualde gisa, eta bestea gaixoaren ahalduntzean eskualde hartzaile gisa.
Euskadik aukera izan du Eskozian gaixoen ahalduntzerako ezarritako Praktika On berritzaileak sakonki ezagutzeko. Eskoziak, besteak beste, Living it up programa edo Arreta Primarioko GP proiektu digitala aurkeztu zituen.
Living it up tresna 2016an inplementatu zen Eskozian. Harekin, eskoziar Osasun Sistemak gaixoei euren gaixotasuna maneiatu eta bizimodu osasuntsuko ohiturak hartzen laguntzeko xedea du. Teknologia berriak osasuna hobetzeko erabiltzea sustatzeko asmoa du, eta gaixo bakoitzak bere bizipenak partekatzeko lekua sortzeko ere.
Gaixoaren ahalduntzeari dagokionez, Euskadik hainbat tresna eta hezkuntza programa ditu. Horren adibide dira Osasun Eskola edo Paziente Bizia. Programa hauen helburua da paziente kronikoei edo hauen zaintzaileei laguntza ematea beren gaixotasunekin lotutako ezaguerak eta gaixotasuna kudeatzeko gaitasunak lortzeko. Informazioa ematen dute, norberaren zaintzarako gaitzen dute eta bizimodu osasuntsuago batera zuzendutako aldaketak sustatzen ditu.
Euskadik arriskuen estratifikazioari buruzko praktika onaren ezagutza partekatu du hiru eskualdeekin: Liguria, Eskozia eta Akitania.
Arriskuen estratifikazioa etorkizunean osasun zerbitzu gehiago behar izan ditzaketen pertsonak identifikatzeko tresna da. Honi esker, biztanleriaren beharrei egokitutako esku-hartzeak plantea daitezke.
Arriskuen estratifikazioa informazio-sistemetan bildutako datuetan eta algoritmoetan oinarritzen da. Biztanleriaren talde handiei aplika daiteke eta ikuspegi proaktiboko estrategiak eraikitzea ahalbidetzen du, hau da, gertakizunei aurre hartuz. Aurkako gertakizunik ez gertatzea edo haiek murriztea da xedea, bai osasunari begira bai bizi-kalitateari begira, eta baliabideen erabilera optimizatzea.
Ikerketa-proiektu gisa hasi zen 2009an, eta 2011n inplementatu zen, Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategiaren barruan. Harrezkero, osasun profesionalek okerrerantz egiteko arrisku handiena duten pazienteak identifikatzeko gai dira.