UPRIGHT proiektuaren xedea nerabearen, haien senideen eta hezkuntza komunitatearen inguruan ongizate mentaleko kultura sortzea da.   

Nerabezaroan, gazteek gaitasun eta estrategia anitz ikasteko aukera izaten dute, euren buruak, euren familiak, etorkizuna eta gizartea ulertzen lagunduko dietenak. Euren erresilientzia gaitasuna areagotuko dituzten eta haien bizitzaren parte gisa aplikatzen lagunduko dieten trebeziak ikasteak esperientzia txarrek eragindako estresari aurre egiten, hari egokitzen edo hartatik hobetzen lagunduko diete eta, ondorioz, osasun mental positiboa izaten ere. Bizitzaren etapa honetan, familiek eta hezkuntza komunitateak funtsezko betekizuna dute osasun mentalaren ongizatea sustatzeko orduan. Familiek, laguntza eta segurtasuna emateaz gain, haien seme-alabek euren ahalmen guztiak garatzen lagun dezakete, osasun mental eta fisiko ahalik eta onena lortzeko. Ikastetxeak toki apartak dira erresilientzia sustatzen duten programa unibertsalak inplementatzeko eta hezkuntza komunitate osoaren ongizate mentaleko giroa sortzeko.

Covid-19ak eragindako egoera bereziak osasun mentala arriskuan jartzen duten faktore berriak eragiten dizkie nerabeei. Gizarte isolamenduak eta bakardade sentimenduak ondorioak izan ditzake hezkuntza mailan, emozionalean eta baita jarreran ere. Gazteen erresilientzia sendotzea edo sustatzea inoiz baino beharrezkoagoa izan daiteke inoiz bizi izan ez dugun egoera honi aurre egiteko.

Europar UPRIGHT, “Universal Preventive Resilience Intervention Globally implemented in schools to improve and promote mental Health for Teenagers” proiektuaren xedea erresilientzia gaitasuna areagotuz nerabeen ongizate mentala sustatzea eta nahasmendu mentalak saihestea da. UPRIGHT-ek programa psiko-hezitzaile bat garatu du nerabeak (12 eta 14 urte bitartekoak), haien senideak eta ikastetxeetako profesionalak hartzen dituen ikuspegi integraletik abiatuta. Europa mailan Kronikgune Institutuak koordinatutako proiektu hau 2018az geroztik ari da Europako bost eskualdetan pilotatzen, Euskadin barne. Hartan hiru ikastetxek, esku-hartzaile gisa, eta Gasteizko kontroleko beste hiruk hartzen ari dira parte.

UPRIGHT programaren kontzeptu-esparruak lau osagai ditu: aurre egitea, efikazia, ikasketa soziala eta emozionala, eta mindfulness-aren praktika. Osagai bakoitzaren barruan, hainbat gaitasun zehatz ikasten dira eta jartzen dira praktikan, 18 guztira, zeinak hainbat saiotan lantzen diren, mindfulness osagaia izan ezik, zeina programa osoan zehar lantzen den. UPRIGHTek hainbat jarduera eta material ditu hura modu dinamikoan praktikatzea errazteko: bideoak, filmen klipen sorta bat, aurkezpenak, audioak, eta abar. Horrez gain, familiei eta irakasleei zuzendutako online plataforma bat garatu da, zeinak komunitate osoari zuzendutako atal ireki bat duen, programaren taldeko jardueren inguruko informazioarekin.

UPRIGHT programak mindfulnessa erabiltzen du, hau da, arreta osoa, nerabeei euren burua hobeto ezagutu eta estresa kudeatzen eta euren buruan konfiantza irabazten laguntzeko eta antsietatea zein depresioa murrizteko. Ikertzaileek erakutsi dute praktika honek ikasteko gaitasunean ere onura zuzen ugari dituela, kontzentrazioa, norberarenganako adeitasuna zein besteenganakoa hobetzen dituelako. Esaterako, sare sozialetan edo familiarekin sortutako gatazka baten aurrean, gaitasun hori erabiltzeak nerabeari beste jarrera bat hartu edo bere erreakzioak kontrolatzen lagundu ahal izango dio.

Covid-19aren une berezi honetan, UPRIGHTeko esku-hartzeko ikastetxeetan parte hartzen duten nerabeek programak eskaintzen dituen online jarduerekin euren erresilientzia gaitasunak sendotzeko aukera dute. Gainera, aurrera egiteko, efikaziako eta ikasketa sozial eta emozionaleko gaitasunak sendotzeko mezuak partekatzen dira sare sozialetan.

Proiektua hobeto ezagutu nahi baduzu, joan haren webgune ofizialera: www.uprightproject.eu edo jarraitu bere urratsei hemen: @Uprightproject1